Mariolein Sabartek irabazi du Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria, ‘Amek ez dute’ nederlanderara itzultzeagatik
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal literatura garaikideko ikur bilakatzen ari den Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ eleberria izendatu du garaile Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren zortzigarren edizioko epaimahaiak. Mariolein Sabarte Belacortuk gaztelaniatik (‘Las madres no’) nederlanderara itzulia, Zirimiri Press argitaletxeak plazaratu du lana.
Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko sari-emate ekitaldira bertaratu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkaria; Mariolein Sabarte itzultzailea; Henrike Olasolo Zirimiri Press-eko editorea; eta Katixa Agirre liburuaren idazlea.
Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketa honetan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Mariolein Sabartek eta Zirimiri Pressek alor horietan egindako promozio lana nabarmendu du epaimahaiak.
“Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, itzultzailearen ibilbide sendoa aitortu nahi da sari honekin, bizitza osoan egindako lana, hain zuzen”, azpimarratu du epaimahaiak.
Bestalde, Zirimiri Press argitaletxearen ibilbidea ere saritu nahi izan dute, “euskal lanak zehazki, eta hizkuntza gutxituetakoak orokorrean, itzultzeko egindako apustu garbiagatik”. Aintzat hartu dute, baita ere, eleberria promozionatzeko egindako “lan sendoa”. Izan ere, Herbeeretako komunikabideetan oihartzun handia izan du argitalpenak. “Argitaletxeak lan handia egin du hori hala izan dadin”, eta hori ere aitortu nahi izan dute sariaren bidez.
Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren zortzigarren edizio honetan honako hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikariak.
Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2021. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.
4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.
Mariolein Sabarte
Mariolein Sabarte Belacortu (1944) Wageningenen hazi zen, Herbehereetan. Ama holandarra zuen eta aita euskalduna. Espainiako Hizkuntza eta Literatura ikasi zuen Amsterdamgo Unibertsitatean. 1969an, gaztelaniazko prosa holandarrera itzultzen hasi zen. Lehen itzulpena, Camilo José Celaren ‘Mrs. Cadwell habla con su hijo’ izan zen. Geroztik, Latinoamerikako hainbat idazleren eleberriak itzuli ditu, besteak beste: Gabriel García Márquez, Julio Cortázar, Mario Vargas Llosa, Álvaro Mutis, José Donoso, José María Arguedas, Juan Carlos Onetti, Jorge Luis Borges, Roberto Arlt, eta Carlos Fuentes idazleenak. Erreferentea da gaztelaniatik nederlanderarako itzulpengintzan.
1969 eta 2010 urteen artean, hirurogeita hamar eleberri baino gehiago eraman zituen gaztelaniatik nederlanderara. Gaztelaniazko olerkigintzako idazle ugariren lanak ere itzuli ditu Rotterdameko Nazioarteko Poesia Jaialdirako. Urte batzuk egin zituen itzultzaileentzako eskolan, Amsterdamen.
Sari ugari jasotakoa da. Tartean, Meulenhoff argitaletxearen saria eta Letren Fundazioaren saria (Vertaalprijs Nederlands Letterenfonds), bere obra guztiagatik.
Zirimiri Press
Zirimiri Press 2009an sortu zuten, oharkabean pasatzen diren lanak publiko zabalagoari helarazteko asmo sendoarekin. Gutxitutako eta gutxi itzulitako hizkuntzetan idatzitako lanak plazaratzen berezitutako argitaletxea da.
Etxe honetan argitaratu dira, Agirrez gain, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Julen Gabiria, Cristina Goikoetxea, Felicia Fuster, Mireia Calafelli, Lien Botha, Marcu Biancarelli eta Montserrat Abelló-ren lanak.
Zirimiri Press-ek 2021eko udaberrian kaleratu zuen ‘Amek ez dute’ eleberriaren nederlanderazko edizioa.