Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua artistek burutuko dituzte egonaldi artistikoak Wroclaw hirian

Euskara. Kultura. Mundura.

2014-05-06

Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak uda honetan Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko aukera eman nahi izan diete hiru euskal sortzaile ezberdinei pasa den abenduan abian jarri zuten deialdiaren bitartez.   Mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko xedearekin sortutako deialdi honetara sorkuntza arlo anitzetako egitasmoak aurkeztu ahal ziren -arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak- bai eta diziplina arteko proposamenak, betiere Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburutzetako ildoekin loturiko proiektuak izanik.

 

Pozik agertu dira gaur prentsaren aurrean Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Iker Tolosa Donostia 2016ren kultur programaren kidea, deialdiaren arrakasta erabatekoa izan delako, -alor ezberdinetako 60 proposamen aurkeztu dira, maila bikainekoak guztiak- eta hautatutako hiru egitasmoek oso lan interesgarriak jorratuko dituztelako. Ildo horretan lanean jarraitzeko gogo eta ilusio handia dutela ere azpimarratu dute.

 

Ekaina-Uztailean Wroclawera bidaiatzeko hautatuak izan diren hiru egitasmoak egileek beraiek aurkeztu dituzte; guztiak emakumezkoak dira. Matxalen de Pedro Wroclaw hiriko paisaia urbanoan murgilduko da, atzerritar baten ikuspegia jasoko duen audio-gida bat sortzeko asmoz. Goiatz Labandibarrek hamabi narrazio idatziko ditu, argazkilari poloniarrek eta euskaldunek egindako beste hainbeste irudi oinarri hartuta: guztiak zuri-beltzezko irudiak eta emakumeak protagonista dituzten argazkiak izango dira. Maialen Sarasuak, berriz, bi hirien arteko zubi berri bat sortuko du onduko duen dokumentalean: gaua iristear Wroclawen pizten den farolak, Urumeako uretan izango du erreflexua…  

Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak uda honetan Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bat egiteko aukera eman nahi izan diete hiru euskal sortzaile ezberdinei pasa den abenduan abian jarri zuten deialdiaren bitartez.   Mugikortasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzeko xedearekin sortutako deialdi honetara sorkuntza arlo anitzetako egitasmoak aurkeztu ahal ziren -arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak- bai eta diziplina arteko proposamenak, betiere Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburutzetako ildoekin loturiko proiektuak izanik.

 

Pozik agertu dira gaur prentsaren aurrean Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Iker Tolosa Donostia 2016ren kultur programaren kidea, deialdiaren arrakasta erabatekoa izan delako, -alor ezberdinetako 60 proposamen aurkeztu dira, maila bikainekoak guztiak- eta hautatutako hiru egitasmoek oso lan interesgarriak jorratuko dituztelako. Ildo horretan lanean jarraitzeko gogo eta ilusio handia dutela ere azpimarratu dute.

 

Ekaina-Uztailean Wroclawera bidaiatzeko hautatuak izan diren hiru egitasmoak egileek beraiek aurkeztu dituzte; guztiak emakumezkoak dira. Matxalen de Pedro Wroclaw hiriko paisaia urbanoan murgilduko da, atzerritar baten ikuspegia jasoko duen audio-gida bat sortzeko asmoz. Goiatz Labandibarrek hamabi narrazio idatziko ditu, argazkilari poloniarrek eta euskaldunek egindako beste hainbeste irudi oinarri hartuta: guztiak zuri-beltzezko irudiak eta emakumeak protagonista dituzten argazkiak izango dira. Maialen Sarasuak, berriz, bi hirien arteko zubi berri bat sortuko du onduko duen dokumentalean: gaua iristear Wroclawen pizten den farolak, Urumeako uretan izango du erreflexua…


HIRI KIT

Matxalen de Pedro

Bada dioenik hiri bakoitza giza gorputz baten gisakoa dela,

 bere belaun, buru, beso eta heroinaz zulaturiko zainekin

 Harkaitz Cano (Bizkarrean tatuaturiko

mapak)

 

The city is a discourse and this discourse is truly a language: the city speaks to

its inhabitants, we speak our city, the city where we are, simply by living in it.

Roland Barthes (Semiology and the Urban)

HIRI-KIT-ek hiriko paisaia urbanoan murgiltzeko esperientzia eskaintzen du, Wroclaw-eko biztanleen eta bisitari baten arteko elkarbizitzaren bitartez, hiria topaleku, memoria, fikzio bilakatuz. Jarraibide batzuk dituen mapa batekin eta batez ere audio-gida batek lagundurik, bertako biztanleak hiria zeharkatuko du beste ahots eta begirada batez hornitua. Audio-gidak inguru urbanoaren pertzepzio performatiboa proposatzen du: bertan galdu eta azalpean hiri berri baten taupadak sentitu. HIRI-KIT-ek Wroclaw-era lehenengoz iristen den atzerritar baten ikuspuntua jasoko du, nire ikuspuntua: Matxalen de Pedro, euskaldun europarra.

Audio-gida sortzeko gai nagusiak:  Nolakoa da nire atzerritar bizipena Wroclaw hirian? Zein da hiriaren arnasa? Zeintzuk bere pentsamenduak? Bere begirada? Zeintzuk dira bere zirrikituak? Nolakoa izango da euskal bisitari baten eta poloniar biztanleen arteko topaketa? Zeintzuk dira europar sentiarazten gaituzten baloreak?

Gai orokor hauekin batera audio-gida sortzeko prozesuak berak lekuaren bizipenei lotutako beste gai batzuk ekarriko ditu: Nolako memoriak dauzkate Wroclaw-eko biztanleek lekuari lotuta? Zer nolako

interakzioa egon daiteke hiriko leku bakoitzean? Ze motatako performatibitatea edo ze interbentzio mota proposatu daiteke audio-gida baten bitartez hiri horretako leku bakoitzerako?


Matxalen de Pedro

Bilbon sortua, Bartzelonako Institut del Teatren lizentziatua da arte eszenikoetan, gestuzko interpretazio alorrean. Dantza Garaikide ikasketekin osatzen du bere formakuntza, Bartzelonan eta Bilbon.  Eszenarako beste formakuntza batzuen artean: aktoreentzako Suzuki teknika Kameron Steel-ekin, Suzuki maisuaren ikasle eta Robert Wilson konpainiako kidea (2004-2006, Bartzelona), “El Teatro: educación no formal dentro de los programas de reinserción socio-profesional de personas presas” Teatro Dentro-ko taldekidea (2006 Bartzelona). 2010etik aurrera Olatz de Andrés eta Igor de Quadrarekin batera Muelle3, dantza eta sorkuntza eszenikorako espazioa gestionatzen du Bilbon.

HORMAN POSTER kolektibotik sortutako lan eszenikoak: “magia sinpatikoa”, sormen prozesuan, eta Pasado perfecto/Iragan perfektua (2011), “After You” (2010) eta “Follow ni” (2010). Ikerketa testuinguruan 2010ean Artium museoko “La utilidad de lo inútil” jardunaldietan gonbidatua eta 2011n Autonomía y complejidad proiektuan parte hartzera gonbidatua.

Aktore lanetan era aritutakoa da, zineman (“Mugaldekoak”, “Cosmos”), telebistan (“Mugaldekoak, “El cor de la ciutat”, “Pilotari”, “Goenkale”) eta antzerkian (“Ohean”, “Zer duzu negarrez, Marie’”, “Ipuin iberiarrak”, “Romeo eta Julieta, “Peru eta Otsoa”).

 



Hala bazan… KLIXK!

Goiatz Labandibar

Heldu nazazu. Estu. Eskatu zion. Eta kasu egin zenion. Zoriontsu naiz orain. Esan zion.

Itsasoa aurrean, eta zu niri besarkatuta. Perfektua da. Baieztatu zuen.

Zuk, bitartean, askatuko dut? Pentsatzen zenuen. Eta ez zenuen itsasoa ikusten, zure bizkarraren atzealdean zegoelako.


Hala bazan… KLIXK! Literatur sorkuntza garatuko duen egitasmoa da, batik bat, hamabi narrazio osatuko dituena. Istorioen oinarria, baina, zuri-beltzezko argazkiak izango dira. Argazki horietatik sortutako istorioak kontatzeko narrazio laburrak dira proiektuaren funtsa.

Argazki horien egileak Euskal herriko eta Poloniako argazkilariak izango dira. Lan horiek bi hiriak, bi herrialdeak lotzeko balioko dute, eta argazkilari horien lanaren eta figuraren berri emateko aitzakia ere izango dira narrazioak; kasu batzuetan aski ezagunak izan daitezke euren herrialdeetan; besteetan ez. Artista batzuen lanak Wroclawen daude ikusgai gaur egun, gainera; beraz, euren lanera pertsonalki hurbiltzeko aukera ere eskainiko dio egonaldiak idazleari.

Hiru argazkilari poloniarren –Eva Rubistein (Buenos Aires, 1933), Ewa Kuryluk (Krakovia, 1946) eta Lotte Jacobi (Thorn, 1896-New Hampshire, 1990)- eta hiru argazkilari euskaldunen –Marivi Ibarrola (Najera, 1956), Eulalia Abaitua (Bilbao, 1853-1943) eta Leire Galarza (Oiartzun, 1990)-  bina argazki aukeratu ditu Goiatz Labandibarrek narrazio bihurtzeko. Guztiak zuri-beltzean ateratakoak, “indar berezia dutelako argazki horiek”. Argazkilari  guztiak emakumezkoak dira, bai eta aukeratutako irudietan agertzen diren protagonistak ere. Eta narrazioetan kontatuko diren istorioetan ere generoak, emakumezkoen ikuspuntuak, protagonismoak eta gizartean eragin duten bizitza ereduek ere garrantzia berezia izango dute.

Bestalde, proiektuaren oinarria narrazioak izan arren, etorkizun batean, erakusketa literario bat egiteko aukera eman dezake, argazkia eta literatura eta beste makina bat ekimen uztartuz.

 

Goiatz Labandibar

Oiartzunen sortua, Kazetaritzan lizentziatua da (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta kolaboratzaile lanetan aritu da hainbat komunikabideetan –On aldizkaria, Oarsoaldeako Hitza, Euskadi Irratia.. - 2009ko irailetik Komunikazio arduradun lanetan ari da Oiartzungo Udalean.

Literatur sorkurtzaren alorrean, “Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak” (2013, Elkar) lana idatzi zuen Igartza Sariari esker. Bere hainbat  narrazio ere bildumetan ezberdinetan argitaratu dituzte –“El canto de las lamias”, “Kateak”, “Ipar Izarra”, “Charlieren maitalea”…-.

Finlandiako NUOREN Voiman Litto Elkarteari esker egonaldi literarioa burutu zuen Villa Sarkian, eta Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketako epaimahaikide da 2011. urteaz geroztik. Euskal Idazleen elkarteko kidea da.

 

 


WROCLAW-DONOSTIA. ZUBI BAT

Maialen Sarasua

 

Ich suche aus der genebenen Gegenwart dir brücje zum Unsichtbaren

Momentuko errealitatetik abiatuz, ikusezinera daraman zubiaren bila nabil

Max Beckmann

Zubi batek bi ertz uztartzen ditu. Fisikoki bananduak eta kontrajarriak dauden bi errealitate. Eta berezkoa duten gelditasun horretan barna mugimendua sortzen dute. Wroclawi “100 zubien hiria” deitu ohi zaio. Eta nabaria da Donostiako paisaian zubiak duen presentzia. Maialen Sarasuaren asmoa zubiaren irudi hori baliatuz Donostia eta Wroclaw uztartzea da, bata bestearen oihartzun bihurtuz (eta alderantziz). Eta zubia bien ezaugarriez hornitutako hirugarren hiri bat izango da.

Proiektua sormen dokumentalaren arloan kokatuko da, baina diziplina ezberdinak erabiliko ditu, besteak beste literautra, musika eta dantza. Beti zubia ardatz harturik eta pantaila zatituarekin, bi hirien arteko elkarrizketa bat sortzea du helburu. Ikus-entzunezkoan zubia espazio bakar bat izango da, baina beti izango du hanka bat hiri batean eta bestea bestean.

Iraganarekin eta orainaldiarekin ere jokatu nahi du egileak. Donostia Wroclawen etorkizuna izan daiteke, edo alderantziz. Ondarearekin jolasteko asmoa ere badu.  Kulturaren hiriburu izendatzea “zubi bat gurutzatzeko aukera” da guztiontzat, Sarasuaren ustez. “Ezagutzen ez dugun kontrako itsasertzera bidaiatzeko aukera”. Horregatik bidaia handik hona planteatzen du: zubi hori gurutzatu eta bueltan datorren norbaiten ikuspuntutik, “bestaldean ezagutu eta bizitakoa, nolabait, gure iskinean pausatu eta loratzen ikusteko gero”.

 

Maialen Sarasua

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen 2005. urtean, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.

Lau proiektu zuzendu eta idatzi ditu oriotarrak. “Donde nunca pasa nada” film labur dokumentala Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Zinebi 2013-n lehiatu zen. “Hemen nago” fikziozko film laburra, Lekeitioko Euskal Zinea Bileran eta Huhezineman saritu zuten eta Anonimul eta Babel Film Festival nazioarteko jaialdietan parte hartu zuen. “Uraren azalean” eta “14 apostolu” dokumentalak bizpahiru zinemalditan ikusgai izan ziren.

Editore lanetan aritu da bereziki. Besteak beste, Mireia Gabilondok zuzendutako “Amaren eskuak” luzemetraian; “Barrura Begiratzeko Leihoak”, “The last Passage” edo “Prohibido Recordar” dokumentalak muntatu ditu; “Gartxot” eta “Caracremada” filmetan ere parte hartu du, alor ezberdinetan.   Eta  ETBko “Sautrela” literatur saioko errealizadore ere izandakoa da, hiru urtez.

 

 

 

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu