MIN sarietako semifinalistak iragarri dituzte
Euskara. Kultura. Mundura.
Musika Independentearen MIN sarietako hautagaiei botoa emateko epea bukatu da, eta semifinalistak iragarri dituzte. Kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak jakinarazi dituzte, eta orain adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu. Sari banaketa maiatzaren 17an egingo da, Palma de Mallorcan. Samantha Hudson artista izango da ekitaldiaren aurkezlea.
Etxepare Euskal Institutuak eskaintzen duen Euskarazko Disko Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira Arima Soul, Bulego, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, ETS (En Tol Sarmiento), Ezpalak, Goxua´n salsa, Ilargi, Ines Osinaga, Merina Gris, Mikel Urdangarin, Niña Coyote eta Chico Tornado, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays. Sari honek euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko helburua du.
Beste kategoriatan ere sailkatu dira artista hauetako asko. Izan ere, asko dira kategoriak; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…).
Euskal musikarien presentzia nabarmentzekoa da aurtengo MIN Sarietan. Publikoaren bozketaren ondoren, musikari euskaldun asko dira hainbat kategorietan klasifikatu direnak.
Urteko album onenari saria eskuratzeko semifinalistak dira Belako, Bulego, ETS (En Tol Sarmiento), Izaro eta Zea Mays. Chica Sobresalto, ETS (En Tol Sarmiento) eta Zetak Urteko Abesti Onenaren saria irabazteko hautagaiak dira.
Artistarik Onena kategoriaren hautagaien artean, ETS (En Tol Sarmiento) eta Izaro izan dira hautatuetako batzuk eta Artista Berri Onenaren kategorian Chica Sobresalto eta Zetak.
Bideoklip Onenaren Saria lortzeko Chica Sobresalto, Zea Mays eta Zetak lehiatuko dira; Zuzeneko Onenaren kategorian Bulego eta Izaro; Pop Album Onenaren kategorian Bulego, ETS (En Tol Sarmiento) eta Izaro; Rock Album Onenaren kategorian Belako eta Zea May eta Álbum de Música Raíz kategorian, Goxua´n salsa.
Premio al Mejor Álbum de Clásica kategorian, Andoni Martínez Barañano eta Sofía Esparza Jauregi lehiatuko dira.
Urteko Grabazio Urbano Onenaren saria eskuratzeko Green Valley lehiatuko da, eta Urteko Grabazio Elektroniko Onenaren Saria kategorian Merina Gris.
Nazioarteko Artista Onenaren kategorian Willis Drummond eta Ødei taldeak lehiatuko dira.
Musika Produkziorik Onenaren saria eskuratzeko ETS (En Tol Sarmiento) taldea da semifinalistetako bat.
Azkenik, Jatorrizko Letra Onenaren kategorian ETS (En Tol Sarmiento) eta Chica Sobresalto lehiatuko dira.
MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.