MUNTREF Centro de Arte Contemporáneo: Estibalitz Sábada Murgía
Euskara. Kultura. Mundura.
-
16Ira 202328Urr 2023Buenos Aires
Irailaren 16an ateak irekiko ditu Estibalitz Sabada Murgia euskal artistaren erakusketak Buenos Airesko MUNTREF Centro de Arte Contemporáneo espazioko Sede Hotel de Inmigrantes-en.
Urriaren 28ra arte egongo da ikusgai Feria de Arte Bienal Sur biurtekoaren programazioaren barruan kokatuta dagoen ‘acciones B)))’ (B ekintzak) erakusketa. Etxepare Euskal Institutuaren eta Bitamine Faktoria elkartearen arteko lankidetza hitzarmenaren ondorio da erakusketa hau, euskal artistak nazioartekotzeko sortua.
Bitamine Faktoriaren Euskal Arte Garaikidea Nazioartekotzeko EAS-EZE programak euskal sortzaileen nazioartekotzea sustatzea du helburu. Buenos Aireseneko tokiko erakundeekin batera, jarduera egutegi bat finkatzen da eta bertan artista gonbidatuek hainbat parte hartze izango dituzte aretotan, museotan, kultur-guneetan eta galeriatan (mahai inguruak, eztabaidak, workshopak, topaketak eta lan kolektiboak) bertako artistekin.
‘acciones B)))’ proiektuak historikoki emakumea etxearen espaziora mugatua izan dela aldarrikatzen du. Sabadak emakumeek espazio horretan egiten duten lan ikusezina ikustarazteko helburua du.
Emakumeek etxeko eremuarekin duten harremana behatu, zalantzan jarri eta landu nahi du Sabadak obra honen bitartez. Aurreko proiektuetan bezala, marrazkiaren, soinuaren eta bideoaren hizkuntzetan, idazkeran, ekintza/performancean eta argazkigintzan oinarritzen da artista (azken horiek dira oraingo honetan erabiltzen direnak). Teknika horien batuketaren ondorioz, irudien konstelazio oparoa zabaltzea da lan-metodologia. Ekintzatik emakumeak jasaten duen giltzapetze hori irauli nahi da, borroka sukaldetik eta logelatik kanpo eramanez, kaleetaraino. Erakusketaren komisariotza Helga Massetani Piemontek egin du.
Etxepare Euskal Institutua eta programa
Etxepare Euskal Institutuaren eta Bitamine Faktoria elkartearen arteko lankidetza hitzarmena 2015ean sinatu zen. Hitzarmen honen helburua Etxepare Euskal Institutuaren eta Bitamine Kultur Elkartearen arteko lankidetza-esparru bat ezartzea da, Bitamine Faktoria proiektuaren bidez gauzatutako EAS-EZE Euskal Arte Garaikidea Nazioartekotzeko Programan euskal artisten presentzia bultzatzeko.
Artearen ikerketa eta ekoizpena bultzatzea xede, sortzaileen sustapenean lagundu eta artisten nazioarteko mugikortasuna sustatzen ditu programak. Hautatuak, bere sorkuntza-proiektu Euskal Herrian garatuko du, ondoren, Buenos Aires hirian aurkezteko.