Nork sustatzen du munduan Groenlandiako kultura?

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-04-16

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin egon gara hizketan, Wroclaw hiriko AIR Wro Talks jardunaldietara egindako bisitari eta bertako partaidetzatik ateratako ondorioei buruz.

 

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin egon gara hizketan, Wroclaw hiriko AIR Wro Talks jardunaldietara egindako bisitari eta bertako partaidetzatik ateratako ondorioei buruz.

Harreman estua dute Donostiak eta Poloniako Wroclaw hiriak, 2016. urtean kultur hiriburutza partekatu zutenetik. Horren adibide da, esaterako, urtero Etxepare Euskal Insitutuak poloniar hirian sustatzen dituen AIR Wro egonaldiak, non artista plastiko edota ikusizkoek proiektu bat garatzen duten. AIR Wro programak, ordea, egonaldiez gain beste ekintza garrantzitsu bat antolatzen du 2017. urtetik: AIR Wro Talks nazioarteko kultur jardunaldiak dira horiek, eta aurten martxoaren 28 eta 29an egin dira. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak bertako mahai inguru batean parte hartu du, kultura sustatzen duten institutuen rol eta eginkizunak hizpide, eta harekin izan gara hizketan.

Ez da Institutuaren lehenbiziko aldia izan AIR Wro Talks-en; baina aurtengo gaiak (kulturaren mugikortasunak eta kultur identitatea nazioartean aurkezteko ereduak, alegia) berezi egiten zuen Etxepare Euskal Institutuaren presentzia bertan. “Kultur Institutuak asko gara Europan, baina gu ginen jardunaldi haietan bakarrak hizkuntza eta kultura propio bat zabaltzeaz arduratu arren, estatu bat ordezkatzen ez genuenak”, dio Larrazak. “Wroclawekin sortutako harremanak elkarrekiko ezagutza eta jakinmina ekarri du, eta gu bezalako kultur erakunde bat eredugarria iruditu zaie jardunaldietan gure modeloa aurkezteko. Eta, era berean, guretzako ere oso aberasgarria izan da bertan egotea, beste erakunde batzuen ereduez ikasteko”.

Larrazak martxoaren 28an egin zen Who promotes Greenland? The Role and Tasks of National Institutes of Culture in the 21st Century mahai-inguruan parte hartu zuen (Nork Sustatzen du Groenlandia? Kultur Institutuen rol eta eginkizunak XXI mendean), Danimarkako Kultur Institutuko eta Varsoviako Kultur Foro Austriarreko ordezkariekin batera. “Izenburuak probokazio txiki bat sortzea zuen xede; izan ere, Groenlandiak, lurralde handia izan arren, ez du bera nazioartean sustatzen duen erakunderik, eta, beraz, nazioarteko panorama kulturalean ez dakigu asko berari buruz”, azaldu digu zuzendariak. “Kultur Institutuen balioari buruz eztabaidatzea zen mahai-inguruaren helburua; handi zein txiki, lurralde bateko ordezkari den institutuak berak finkatzen dituen estrategiek egiten duela lurralde hori kulturalki garrantzitsu”.

Mahai-inguruari hasiera emateko, partaide bakoitzak bere kultur institutuaren aurkezpena egin zuen. Bertan ikusi zuten, partaideak gutxi izanda ere, bakoitzak jarduteko eredu guztiz ezberdina zuela. “Kultur Foro Austriarra, esaterako, kultur zabalkundera soilik dedikatzen da, ez hizkuntzaren zabalkundera” diosku Larrazak. “Danimarkako Kultur Institutuak, aldiz, kulturaren eta hizkuntzaren zabalkundea egiteaz gain, eginkizun sozialago bat ere badu, beste kulturekin harremana eta kooperazioa bilatzeaz arduratzen baita”. Eredu hori ezagutzea oso interesgarria egin zaio Etxepareko ordezkariari, “ematen baitu kultura orok egin behar duena bere burua munduari aurkeztea dela; baina helburuak ez du unilaterala izan behar, alde anitzekoa baizik, kooperazioa helburu. Hala ere, uste dut lurralde batek nazioartean duen pisuak markatzen duela bere institutuak noiz ekin diezaiokeen kultur arteko kooperazioari; horrek esan nahi baitu bere burua nazioartean jada oso ezaguna dela, aurkezpen hori aurretik egin duelako. Eta guk lan gehiago egin behar dugu oraindik ikusgarritasunean”, gehitu du.

Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriaren kultura eta hizkuntza mundu mailan zabaltzen, ez du erronka makala. “Gure txikitasunak eta hizkuntzaren bitxitasunak exotiko egiten gaitu, eta hori, behintzat, bada atentzioa deitzen duen ezaugarri bat. Baina ezin gara tradizioarekin soilik geratu. Gaur egun ere, komunitate eta hizkuntza indartsu bat garela erakutsi behar dugu, bizia eta aktiboa”, aldarrikatzen du Larrazak.

Hala ere, euskaldunon txikitasunak askotan apaltasun eta ezkortasun oker bat eragiten digula uste du zuzendariak. Kirmen Uribe idazlearen anekdota bat ekarri du gogora, ezkortasun horri buelta eman diezaiokeena: “Birminghameko Aston Unibertsitatera egin zuen bisita batean, Euskal Herriaren txikitasunaz hizketan ari zirela, bertako irakasle batek galdetu zion ea munduan zenbat Maori dauden ba ote zekien. Kirmenek zuzenean erantzun zuen, asko izan behar zutela; izan ere, euren jatorria mapa batean oso erraza da kokatzen, eta euren kulturaren ezaugarriak aski ezagunak dira nazioartean. Bada, irakasleak esan zion ez zirela milioi erdira iristen. Eta gehitu: beraz, ez zaitezte kexatu, zuek dezente gehiago baitzarete; behar duzuen gauza bakarra, munduan ikusgarritasun handiagoa lortzea da”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu