´Obabakoak´ antzezlana Madrilen estreinatuko da
2018/10/11
Euskara. Kultura. Mundura.
Urriaren 25an Obabakoak ikusi ahal izango da estreinako aldiz Madrilen, Valle-Inclán antzokian. Calixto Bieitok zuzendutako antzezlan hau Bernardo Atxagaren lan ezagunaren egokitzapena da; Arriaga Antzokiak 2017. urtean ekoitzia.
Urriaren 25an Obabakoak ikusi ahal izango da estreinako aldiz Madrilen, Valle-Inclán antzokian. Calixto Bieitok zuzendutako antzezlan hau Bernardo Atxagaren lan ezagunaren egokitzapena da; Arriaga Antzokiak 2017. urtean ekoitzia.
Atxagak 1988. urtean aurkeztu zuen Obabakoak; azken hamarkadetan ospe gehien lortu duen euskal eleberria. Argitaratu zenetik mundu osora zabaldu da, 30 hizkuntza baino gehiagotara itzuli eta hainbat sari jaso ditu. Obaba izeneko filma ere egin zuen Montxo Armendarizek 2005ean.
Bertan, Obabako unibertso literarioan barneratzen gaitu, Macondo edo Yoknapatawpharekin antzekotasunak dituen lurraldea. Obabako pertsonaien artean aurkituko ditugu bere gutunen bidezko amodio istorioa gogora ekartzen duen geografiako irakaslea, bakardadeari aurre egiten ikasi behar duen andereño gaztea, kalonje baten eta basoan galdutako haur baten arteko harremana, edota eskolako argazki zahar bat handiagotzerakoan xehetasun harrigarri bat aurkitzen duen idazlea.
Antzezlana Bilboko Arriaga antzokiaren ekoizpena da, eta Calixto Bieito izan da zuzendari artistikoa. Aktoreen artean, berriz, Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Idoia Merodio, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoy.
Estreinaldia euskaraz
Madrilgo estreinaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko goitituluekin, urriaren 25ean, 20:00etan, Valle-Inclán antzokian. Eta beste hiru emanaldi ere eskainiko dira 26, 27 eta 28an, gaztelaniaz hauek.
CDNk (Centro Dramático Nacional) urtero ekoizten edo programatzen du euskal sortzaile baten lana Etxepare Euskal Institutuarekin duen hitzarmenaren markoan, eta oraingo honetan Etxepareren laguntza jaso du ‘Obabakoak’ antzezlana euskaraz ikusteko aukera eskaintzeko.
Informazio osoa hemen.