“Orain arte egindako ibilbidea errepasatu eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatu gara”
Euskara. Kultura. Mundura.
“Badago zer hobetua, baina lan handia egin da eta sumatzen da”. Alemaniako euskara eta irakasleen lehen topaketaren ebaluazio positiboa egin du Maddalen Subijana Freie Universität-eko irakurleak. Berlinen egin dute ‘Etxepare Euskal Institutuak eta euskal etxeen sareak Alemanian dituen euskara irakurleen eta irakasleen I. topaketa’. Testuinguru germanofonoan aritzen diren irakasleen topagune horretan hausnartu dute orain arte egindako bideaz, eta etorkizuneko erronkak eta helburuak zehazteko mahai inguru eta solasaldiak egin dituzte.
Etxepare Euskal Institutuak lau irakurletza ditu Alemanian (Universität Konstanz, Universität Leipzig, Goethe-Universität Frankfurt am Main eta Freie Universität Berlin-en), eta horietako irakasleak elkartu dira topaketan.
Freie Universität-en, euskararen didaktikan esperientzia luzea duten hizlari eta adituek ‘Hizkuntza eta kultura gutxituak Alemaniako unibertsitateetan’ solasaldia egin eta irakurletzen erradiografiak ere osatu zituzten: “orain arte egindako ibilbidea errepasatu eta etorkizunerako erronkak zeintzuk diren definitzen saiatu gara”, esan du Subijanak. Haiekin batera izan ziren katalan eta galegozko irakurletzetako irakasleak.
Irakurleen lana sendotu eta, aldi berean, arintzeko zenbait tresnaren beharra antzeman dute topaketetan, orain lantzen hasiko direnak. Batetik, irakurleentzako ‘starter kit’ modukoa izango dena sortuko dute. Hau da, “hasi berriarentzako materiala, transmisioa errazagoa izan dadin. Etena egoten da maiz irakasle baten eta hurrengoaren artean”, azaldu du Subijanak, eta hori ekidin nahi dute. Lan berrian nola jarri martxan azalduko duen materiala izango da, beraz.
Ildo beretik jarraituz, ondorioztatu dute lehenengo asteetarako lanerako materiala prest uztea beharrezkoa dela. Hasierako denbora horretan eskainitako laguntzan sakontzea, hain zuzen.
Bestalde, ‘Euskararen irakaskuntza testuinguru germanofonoan’ mahai-inguruan parte hartu dute Petra Elser, Lourdes Izagirre, Unai Lauzirika eta Jonan Lekuek Mehringhoff antzokian. Irakurletza eta euskal etxeetatik igarotakoak dira denak. Izan ere, Alemanian, Unibertsitate horietatik kanpo, baina, badago euskara ikasteko aukera, hala nola Berlingo Euskal Etxean edo Volkshochschule eskolan.
Horrela, beraien esperientzien berri eman zieten bertaratutakoei. Gainera, heldutan euskara ikasitakoa den Petra Elser alemaniar itzultzaileak ikaslearen ikuspegia ere jarri zuen mahai gainean.
Lehenengo topaketa honetan hausnartutako eta ondorioztatutakoekin pozik agertu da Subijana. “Funtsezkoa iruditzen zait aldian behin topaketak egitea. Antzeko erronkak ditugu irakurle guztiok, eta uste dut elkar ezagutzen badugu, saretzen bagara, errazago aurre egin diezaiekegula”, ondorioztatu du.