Oreka TX-k eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren saria Musika Bulegoa sarietan

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-05-17

10 euskal artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoa sarien zazpigarren edizioan. Maiatzaren 16an Errenteriako Lekuona Fabrikan egindako ekitaldian, zuzeneko aktuazioak ere izan dira ikusgai. Etxepare Euskal Institutuaren saria Oreka TX-k  eskuratu du, txalaparta gure mugetatik kanpoko ikuslego eta espezializatutako komunikabide eta adituen artean ezagutzera emateagatik, eta oro har, euskal kultura zabaltzeagatik egindako lanarengatik.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek 2022an burututako lanak saritu ditu eta 120 proposamen artean egin da aukeraketa.

Musika Bulegoa Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea. Ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkari ugari eta sektoreko ehun profesionaletik gora: musikariak, ekoizleak, managerrak, programatzaileak…

Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak honako artista edo talde saritu ditu zazpigarren edizio honetan:  Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién. Saritutako proiektuek, 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Kepa Junkerari, “Euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu etaestilo berrietara egokituz”. Modu honetara, trikitilari bilbotarraren ibilbide oparoa bera ere goraipatu nahi izan du EHMBEk, 30 disko baino gehiago argitaratu baititu hiru hamarkada baino gehiagokoren buruan. Kepa Junkerak ere Mikelarenaren eskultura jaso du.

“Euskal musikaren aniztasunaren isla” izan da Lekuona Fabrikako aretoan bizitakoa, Amaia Ispizua, EHMBEko ordezkariak azpimarratu duen modura, genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.

Genero ikuspegitik, aipagarria da hamar saritik bost emakumezkoentzat izan direla. Nabarmen igo zen iaz emakumeen proposamen kopurua, erdira, eta aurtengoan ere konfirmatu da genero arrakala hori iraultzen ari denaren joera: lanen %42ak izan du emakumeen lidergoa.

Musika estiloari dagokionez, 10 proposamenen artetik hiru pop-rock estilokoak izan dira. Askotariko lanak jaso ziren aurtengo edizioa: klasikoa, folka, jazza, musika elektronikoa, estiloen arteko fusioak... Hizkuntzari dagokionez, aurkeztutako lanen %70k euskara izan dute hizkuntza nagusi. Euskararen erabilerari dagokionez, lanen %70 nagusi da hizkuntzari erreparatuta: lanen %70.

Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketan zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte sarituak izan diren lau artista: Ines Osinaga, Enrique Solinis, Elena Setién eta Oreka TX. Sari banaketaren ostean, DJ Inesek zuzeneko emanaldia eskaini du.

Zazpigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta LABORAL Kutxaren babesa jaso du Musika Bulegoa Sariak ekimenak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu