Ozen entzungo da euskararen oihartzuna mundu osoko irakurletzetan
Euskara. Kultura. Mundura.
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da eta Etxeparek ospakizunekin bat egingo du bere Euskara eta Euskal Kultura irakurletza sarearen (34 irakurletza, 18 herrialde) bidez kultur programak antolatu edo sustatuz. Institutuak sarea osatzen duten 28 irakasleei eta 1.500tik gora ikasleei aitortza egin nahi die honela.
(...)
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da eta Etxeparek ospakizunekin bat egingo du bere Euskara eta Euskal Kultura irakurletza sarearen (34 irakurletza, 18 herrialde) bidez kultur programak antolatu edo sustatuz. Institutuak sarea osatzen duten 28 irakasleei eta 1.500tik gora ikasleei aitortza egin nahi die honela.
Aurten 9 hiritan izango dira hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, errezitaldiak, zinema proiekzioak eta bestelako kultur jarduerak: Frankfurten (Alemania), Leipzigen (Alemania), Corken (Irlanda), Santa Barbaran (AEB), Bolonian (Italia), La Platan (Argentina), Santiagon (Txile), Brnon (Txekiar Errepublika) eta Bartzelonan (Katalunia).
Leipzig eta Frankfurteko programek –Cork, Santa Barbara eta Bartzelonakoekin batera Olaso Dorrea Fundazioaren laguntza jaso dute – erbestea eta lehenengo Eusko Jaurlaritza izango dituzte ardatz, lehen Eusko Jaurlaritzaren osaketaren 80. urteurrenarekin bat eginez. Ingo Niebel kazetari eta historialari alemaniarrarak eskainiko dituen hitzaldiez gain ‘Iragan gunea Berlin’ eta ‘Gernika. Markak’ dokumentalak ikusi ahal izango dira.
Bestalde Mariasun Landa idazleak Boloniako Unibertsitateko ikasleekin egingo den topaketa batean parte hartzeaz gain, Etxepare Euskal Institutuaren diru-laguntzaz italierara itzuli den ‘Maitagarria eta desioa’ (‘La fata e il desiderio’) liburua aurkeztuko du Erroman.
Cork-en itzulpen tailerra, euskal erbestearen inguruko hitzaldia eta Isaac Xubin itzultzailearen poesia irakurraldia izango dituzte. Santa Barbaran, aldiz, “How to Bask in Basque” jardunaldiarekin ospatuko dute euskararen eguna, eta Bartzelonako unibertsitateetan Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren “Burua gora eman genduen pausua” ikuskizuna estreinatuko da.
Mikel Ezkerrok La historia del euskera en Argentina hitzaldia eskainiko du La Platan; bertan, ikasleek euskara eta katalanaren hasierako klase batera joateko aukera izango dute. Azkenik, Brnon euskal sukaldaritza tailerra antolatu dute, eta Txileko Santiagon mendi martxa, beste jarduera batzuen artean.
Ozen entzungo da, beraz, euskararen oihartzuna mundu osoan zehar; euskara, jalgi hadi mundura!