´Projection Basque´ erresidentzia artistikoa Bordelen
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtarrilaren 22tik 26ra bitartean “Projection Basque” erresidentzia artistikoa burutuko dute Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan. Las Hermanas Caronni musikarifranko-argentinarrak, Benjamin Colin perkusionista eta poeta sonoro Donibane Lohizundarrak eta Errenteriako Kukai Dantza taldeko Martxel Rodrigez dantzariak hartuko dute parte bertan, eta hilaren 26an eskainiko duten kontzertuarekin emango diote amaiera. Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da egitasmoa, eta honen helburua Akitania, Iparralde, eta Hegoaldeko sortzaileak elkarlanean jartzea da.
Erresidentzia honetan argazkilaritzak, dantzak, margolaritzak eta Argentinako musikak egingo dute bat, izan ere, parte hartzaileak Patxi Laskarairen argazkietan eta Stéphane Carricondoren (Collective 9th Concept) margolanetan oinarrituko dira.
Urtarrilaren 26an, 19:30ean erresidentzia amaiera kontzertua eskainiko dute Bordeleko aretoan, Edmond Bilal Band jazz laukotearekin batera. Sarrera doakoa izango da, eta lekuak aldez aurretik gorde beharko dira honako estekan.
Esan bezala, Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da egitasmoa. 2016an jarri zen abian proiektua, eta Akitaniako eta Euskal Herriko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen ditu.