Proposamenak bidaltzeko epea: Identitatea eta bestetasuna: euskal eta georgiar literaturaren ikuspegi konparatiboa

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-12-22

2022ko uztailaren 24tik 29ra International Literature Association (ICLA) elkartearen 23. kongresua hartuko du Tiblisiko Estatu Unibertsitateak (TSU).

TSUko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak eta Etxepare Euskal Institutuak “Identitatea eta bestetasuna: euskal eta georgiar literaturaren ikuspegi konparatiboa” panela antolatu dute kongresuaren baitan.

Parte hartzen interesa duten ikerlariei deia egiten diegu euren proposamenak posta elektroniko honetara bidaltzeko: martin.artola@tsu.ge

Abastract-ak ingelesez bidali behar dira 3-5 hitz gakorekin; gehienez ere 300 hitz, Sylfaen tipografiarekin; tamaina 11 eta lerroarte sinplearekin.

Panelaren izenburua:  054- Identity and Otherness: A Comparative Overview of Basque and Georgian Literatures

Panelaren antolaketa: Martin Artola & Garbiñe Iztueta

Panel irekia

Kontaktu informazioa: martin.artola@tsu.ge

Proposamenak bidaltzeko azken eguna: urtarrilak 13, 2022

Panelari buruzko informazio gehiago:

IDENTITATEA ETA BESTETASUNA: EUSKAL ETA GEORGIAR LITERATURAREN IKUSPEGI KONPARATIBOA

Identitatea eta alteritatea gizakiaren autoikuskera bultzatu duten kontzeptuak dira, Errenazimentutik gutxienez, eta, ondorioz, aldaketa sozial eta kulturalei ekarpena ere egin diete. Batez ere, aro postmodernoan hasita, nortasuna dinamikoa, aldakorra, likidoa, anitza, zatikatua (Berzonsky, 2005) da, besteekin eta boterearekin (Lyotard 1979) harremanean eta intersekzionalitateari  (Crenschaw 1991) lotuta.

Bi kontzeptuak, tradizio handikoak literatura konparatuan (Skulj 2000), garrantzi handikoak dira euskal literaturan eta georgiar literaturan. Nortasun nazionalak eta genero identitateak, adibidez, eta ondorioz, alteritateak, bilakaera handia izan dute euskal literatura garaikidean. Identitatea/alteritatea gaiarekin zerikusia duten gai nagusietako batzuk hauek dira: euskal identitate modernoaren eta postmodernoaren arteko kontrastea (Kortazar, 2007; Esparza, 2017), memoria kulturala euskal identitateari buruzko gogoeta kritikorako ekarpen nagusi gisa (Olaziregi, 2018, 2019, 2020), euskal gatazkaren ikuspegi literarioak (Ayerbe, 2019) eta euskal identitatearen irudikapena euskal Diasporan (Totoricagüena 2004). Gai horiek guztiek, gainera, identitatea eraikitzeko eta bestearekin birnegoziatzeko prozesua aztertzen laguntzen dute.

Georgiaren kasuan, independentzia eta gerra zibilaren ondoren, bere literaturak beste loraldi bat izan du. Literatura berri horretan, nortasun nazional georgiarraren birdefinizioa nabarmentzen da, eta hori ez dator guztiz bat korenizatsiaren ondarearekin. Georgia Europara eta Estatu Batuetara hurbiltzen ari da, Errusiatik urruntzen ari den erritmo berean, autopertzepzioei eta bestearen ideiari aurre eginez. Azkenik, Georgiak konpondu gabe dituen lurralde-gatazkak ere nabarmenak dira. Gatazken arrastoa, Euskal Herrian bezala, literaturan eta lantzen ari garen bi kontzeptuetan ere hauteman daiteke.

Euskal literaturan eta literatura georgiarrean identitatearekin eta alteritatearekin zerikusia duten gakoak eztabaidatu nahi dira panel honetan, haien arteko elkarrizketa sortzeko. Alde batetik, panel honen helburua identitatearen kontzeptualizazio literarioari eta, hala dagokionean, euskal identitatearen eta nortasun georgiarraren birnegoziazioari lotuta bi literaturetako mugarri garrantzitsuenak identifikatzea eta alderatzea izango da. Bestalde, euskal eta georgiar idazleek euskal eta georgiar identitatearekiko ikuspegi kritikoei egindako ekarpenak eztabaidatzea interesatzen zaigu. Gainera georgiar identitateak euskarara itzulitako literaturan izan duen irudikapena eta euskal identitateak georgierara itzulitako literaturan izan duena aztertzeak panel honen ikuspegia aberastuko du.

Hori horrela, gai hauen eta berauekin lotura duten beste gai batzuei buruzko aurkezpenak jasotzeko interesa dugu, ikerketari eta eztabaida akademikoari ekarpena egingo dietenak.

Panel honek Etxepare Euskal Institutuaren babesa du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu