Ruper Ordorika: “Edozein ekoizpen bide da interesgarria, baina ez musikaren egungo arazoarentzako konponbidea”

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-03-21

Ruper Ordorika abeslariak irabazi du aurten MIN Sarietako Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria. 2018. urtean gure hizkuntzan sortu eta argitaratutako lan guztien artetik, oñatiarraren Bakarka albuma izan da hautatua; gitarra eta ahotsaz soilik lagunduta inoiz atera duen lehen lana. Momentua aprobetxatuz, harekin hitz egiteko tartea hartu dugu.

Ruper Ordorika abeslariak irabazi du aurten MIN Sarietako Euskarazko Album Onenaren Etxepare Saria. 2018. urtean gure hizkuntzan sortu eta argitaratutako lan guztien artetik, oñatiarraren Bakarka albuma izan da hautatua; gitarra eta ahotsaz soilik lagunduta inoiz atera duen lehen lana. Momentua aprobetxatuz, harekin hitz egiteko tartea hartu dugu.

Hasteko, nola jaso zenuen saria irabazi izanaren albistea?

Egia esateko, ez nuen sari hau espero, ustekabean harrapatu ninduen. Madrilen nengoen egun horietan kasualitatez, bi emanaldi eskaini behar bainituen bertan. Poza ematen du zure lan bat saritua izateak, baina kontuan hartu behar da beti sarien inguruan literatura asko dagoela, eta dena bezala jaso behar da: zure lanaren aitorpen bat, ez gehiago ezta gutxiago ere.

Bakarka du izena zure azken diskoak, eta gitarra eta ahotsa besterik ez dira ageri bertan. Zerk eraman zintuen horrelako disko bat grabatzera?

Nonbait, beti izan dut asmo hori. Duela hiru urte, bakarkako kontzertu bat hasi nintzen prestatzen, eta emanaldi horrekin hemen eta han ibili eta gero errepertorio zabal bat osatu dut, nire betiko kantuak beste ikuspegi batetik begiratuz. Horrek eraman ninduen diskoa grabatzera; lehenbiziko aldia dut bakarka.

Zuk ibilbide luzea daramazu musika euskaraz egiten. Gaur egun, ingelesez edota gazteleraz abesten duten Euskal Herriko musikariak gero eta gehiago direla ikusita, zein garrantzia du zuretzat euskaraz sortzeak?

Garrantzia, euskaraz aritzen den herri bat izaki, berezkoa da. Beti egon da euskaraz sortu duenik. Nire eginkizuna katebegi bat bezala kontsideratzen dut, lerro horretan.

Era berean, beti egon izan dira euskal idazle edota musikariak gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzi dutenak. Orain, gertatzen da irakaskuntzan askoz ere hedatuago daudela hizkuntzak, eta zenbaitentzako, euren berezko hizkuntza ez denez horren garrantzitsua, nahiago dute beste hizkuntzaren batean sortu. Ingelesaren hedapena, euskaran ez ezik munduko hizkuntza guztien kasuan gertatu da; nonahi dago ingelesezko sorkuntza. Ingelesa da, azken batean, estilo baten hizkuntza: berak hedatu zuen rocka. Nork entzuten du, demagun, rocka alemanez? Oso hizkuntza sendo eta trebatua da; eta joera estetiko bat munduan zehar. Ni neu ere oso anglofiloa naiz, baina ez dut ahazten kanoiak alde izan ez balituzte, agian, AEBetako musika entzun beharrean tangoak entzungo genituzkeela. Edo Hitlerrek irabazi izan balu, Tiroleko kantak entzungo genituzkeela denok.

Euskal Herrian aspalditik nabaritzen da rockaren eragina, eta euskaraz gain askok egiten dute ingelesez ere. Zenbat iraungo duen eragin horrek… batek daki, baina nahi dena egiteko askatasuna behar da.

Badaude, hala ere, euskaraz sortzen duten musikari berriak. Egungo euskal musikaren egoera nola ikusten duzu?

Aspaldian esan ohi dut eskaintza eskaera baino handiagoa dela. Eskaera apaldu egin da; denetatik entzuten jarraitzen dugu, baina ez modu berean. Musika entzun eta baliatzeko moduak izugarri aldatu dira, eta horrek eragin handia du sortzaileengan. Baina sormen aldetik, nik uste musikarena dela euskal kulturan atal dinamikoenetarikoa, dudarik gabe; saria jaso nuenean esan nuen bezala.

Zer iruditzen zaizu Estatu mailako sari banaketa batean euskarazko, katalanezko edota galegozko lanak ere saritzea? Eta musika saritzea, orokorrean?

Euskarazko lanak aspalditik saritu izan dira Estatu mailan. Nire diskoek jaso dituzte urteetan zehar horrelako batzuk. Horrek, azken finean, adierazten du badagoela zirkuito bat industria orokorretik alde egiten duena, eta gurea dena. Euskal kantuak badu ibilbide luzea eta bere zirkuito propioa, baita bere industriatxoa ere bai. Kataluniakoaren kasuan, antzeko; eta Galiziakoa aise apalago dago momentu honetan, baina egon, badago. Beraz, hizkuntza gutxituetan egindako lanak saritzea, azken finean, errealitate bati begiratu eta horren aitorpena egiteko ekintza da.

Musika saritzearen inguruan, garbi esango dizut: nik, pairatu beharreko ondorio bezala ikusten ditut sariak. Hau bezalako sari banaketek, azken batean, mundu mailan diskoen produkzioa goraipatzeko egiten diren ospakizun horien erreplika izan nahi dute. Sari bat jasotzea ez du norberak eskatzen. Baina norbaitek egindako zerbaiti ematen diotenean, suposatzen dut ondo egina dagoelako seinalea dela, eta hori ona da.

MIN Sariek musika independentea, sarritan auto-ekoiztua edota diskoetxe txikietan argitaratutakoa, saritzen dute. Zein da zure ustez auto-ekoizpen edota diskoetxe txikiekin argitaratzearen garrantzia?

Nik uste Guinness Records liburuan egon beharko nukeela, hainbeste diskoetxetan ez baitakit beste nor egon den: Xoxoa, Elkar, Warner, Metak, Esan Ozenki, Nuevos Medios… baita auto-ekoiztu ere, zerbait. Hala ere, nik uste dut edozein ekoizpen bide dela interesgarria, baina ez musikaren egungo arazoarentzako konponbidea. Musikaren arazoa, egungo musikariaren estatusean dago, eta aurrerabideek dakartzaten gauzak dohainik jasotzeko aukeran, horrek musikariaren sormena erabat baldintzatu baitu. Hor badago borobiltzen ez den ekuazio bat. Musikariak ahal bezala ari dira, eta horregatik, auto-ekoizpena ez da diskoetxe tradizionalena baino eredu hobea, ez okerragoa.

Horrez gain, nik uste dut gauza hauei buruz hitz egitean darabilzkigula parametro batzuk dagoeneko funtzionatzen ez dutenak. Zer ez da independentea gaur egun Euskal Herrian? Zein diskoetxe dago hemen gaur egun, lehengo handi horiek bezalakoa? AEBetako merkatuetan bazuen lehen zentzua diskoetxe independentea izateak; baina hemen gaur egun jada ez du zentzurik horrek. Denek halabeharrez izan behar dute independente.

Asaldatzen nauen beste gauza bat da jendeak euskal kulturan mainstream bezalako kontzeptuak erabiltzea. Euskal Herrian, euskalduna soilik %25a da; nola izango zara mainstream merkatu euskaldunean? Hemengo artista gorenena ere zeharo bazterrekoa da. Iruditzen zait kanpoko diskurtsoak kopiatzen ditugula, eta ez dagozkiola gure errealitateari.

Amaitzeko; etorkizunera begira, proiekturik ba al duzu martxan une honetan?

Disko bat nahasten ari naiz, udazken inguruan aterako dena. Zuzeneko bat grabatu nuen abenduan Bilbon, eta horrekin nabil lanean. Gero, baditut emanaldiak bakarka eta taldearekin. Nire betiko dinamikan jarraitzen dut.

MIN Saria eraman duen Bakarka albuma entzun nahi baduzu, egin klik hemen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu