Sarrionandiaren literatura, aztergai Bartzelonan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-01

Joseba Sarrionandia euskal idazlearen literatura lana ezagutu eta landuko dute aste honetan Bartzelonan, Bartzelonako Unibertsitateko (UB) Euskara Sailak antolatuta dituen jardunaldietan.

Joseba Sarrionandia euskal idazlearen literatura lana ezagutu eta landuko dute aste honetan Bartzelonan, Bartzelonako Unibertsitateko (UB) Euskara Sailak antolatuta dituen jardunaldietan.

Maiatzaren 2an, goizez, UBko ikasle guztiei irekia egongo den lehen hitzaldia egingo da unibertsitateko Filologia Fakultatean, Andrea Sanz Zarandonaren eskutik. Euskal Ikasketak burutzen ari diren ikasleek Euskal Literatura ikasgaia dute bigarren seihileko honetan, eta tailer honek, besteak beste, Sarrionandiaren lanak zuzenean aztertzeko aukera emango die. Dena den, unibertsitateko komunitate osoari irekia da ekitaldia eta edozein jakintza arlotako ikasle zein irakasleek har dezakete parte, hala euskal ikasketek duten presentzia handitu eta halako iniziatibei esker sor daitezkeen elkarlan dinamikak ere bultzatu ahal izateko.

Arratsaldean Euskal Etxera mugituko da ekimena. Goizeko eduki ia berarekin, publiko orokorrago bati eskainia izango da hitzaldia kasu honetan. Aipatu beharrekoa da ekintza hau Euskal Etxeak apirilaren 23tik maiatzaren 8ra bitartean abian duen Euskal Literaturaren inguruko zikloaren, Literaldiaren, baitan kokatzen dela.

Azkenik, maiatzaren 3an, Unibertsitateko eta Euskal Etxeko hitzaldietan parte hartu dutenek hirugarren saioan bat egingo dute; hala eta guztiz ere, lehen hitzaldira joan ezin izan dutenek ere badute azkenekora agertzeko aukera, tresna eta ezaugarri literario nagusiak aipatuko direlako. Azken saio horretan poesia landu eta publikoarekin batera, hitzaldian emandako edukiez baliatuta testuak aztertzea proposatuko da.

Tailerraren edukiei dagokionez, helburua Sarrionandiaren testuetan ageri diren ezaugarri ezberdin batzuk lantzea dela adierazi du Aritz Galarraga UB eta UABeko irakurleak: “Lengoaiaren inguruko gogoeta da bere obra zeharkatzen duen ardatz garrantzitsuenetako bat. Hitzen ahalaren gaineko zalantza eta, aldi berean, idaztekoaren beharraren arteko tentsioa. Forma desberdin pean adierazten ditu Sarrionandiak bere sorkuntza lanetan. Ardatz horretatik abiatuz, autore honen poesia eta prosa lanak zeharkatzen dituzten ezaugarri batzuk aipatuko dira, hots, erbestea, metafora eta sinboloen erabilpena, ironia eta irakurle aktibo edo interpretatzailearen bilaketa, besteak beste”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu