“Sortzaileen ziurgabetasuna murrizten saiatu gara eta mugikortasun beharrik ez duten jarduerak indartu ditugu”

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-12-22

Ezegonkorra zen egoera 2021aren hasieran. Horregatik, hainbat lan moldatzeko erabakia hartu ziren Etxepare Euskal Institutuko kultura sustapenerako alorrean. Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak urtearen balantze positiboa egin du oro har: “Gure sortzaileen ziurgabetasuna ahal bezainbeste murrizten saiatu gara neurri zehatzen bidez, eta gertuko jaialdiak eta pertsonen mugikortasuna behar ez duten jarduerak ere indartu ditugu, itzulpengintza kasu”.

-2020an, sorpresaz, Covid-19aren bilakaerak, besteak beste, emanaldi eta jarduera guztiak bertan behera uztera behartu zituen euskal sortzaileak.

-Bai. Gauzak horrela, egoera horri aurre egiteko, sortzaileentzako dirulaguntzak moldatu genituen. Beti ere sektoreekin lankidetzan eta konplizitate osoz. Nazioarteko mugikortasuna sustatzeko deialdietan, automatikoak izatera pasatu dira, hau da, gure mugetatik kanpoko jarduerak modu automatikoan lagundu dira. Sortzaile horien ziurgabetasuna murrizte aldera, bestalde, likidezia azkarrago txertatzen ere lagundu dugu. Gainera, Covid-19aren ondorioz bertan behera gelditu ziren jarduerak onartu ziren laguntzetan eta gastu berreskuraezinak zein finkoak direnen zati bat estali genuen deialdiaren bitartez.

Gertukoaren aldeko apustua ere egin dugu, Estatuan, Frantzian edota Portugalen leihoak zabalduz euskal kulturari. Emanaldi eta azoka horiek indartu ditugu, jakinda egingarriagoak zirela nazioarteko mugikortasuna inoiz baino murriztuagoa egon den urte batean. Urrutiagoko leiho horiekin lanketa bat egin dugu egutegian, atzera eraman ahal izateko adostutako proiektuak. Adibidez, Quebecen egitea aurreikusita geneukan egitarau-zatitik handiena 2022ra atzeratu dugu, Quebeceko eta Euskal Herriko sortzaileekin konpromezuak manten ditzaten.

-Hala ere, jarduera batzuek egin ahal izan dute aurrera.

-Artisten mugikortasuna eskatzen ez duten jarduerek. Euskal eta Quebectar zinema zikloen trukaketak eta online bidezko jarduerak egin dira, Laval Unibertsitateko mintegiak edo hainbat euskal idazleren parte hartzea Quebec en Toutes Lettres jaialdian, adibidez. Musika eta jarduera eszenikoak datorren urtera pasa ditugu eta, oraingoz, guztiei eutsi ahal izan diegu.

-Proiektu berriak ere sortu dira.

-2022ko bukaera aldera Flandriako sortzaileekin kultur-trukea egin ahal izatea espero dugu, Saison Quebec-Pays Basque kultur trukaketaren garapenean atzerapenak egon badira ere. Horretarako, lehenengo, elkar ezagutza sustatzeko learning tour-a antolatu dugu Euskal Herrian, elkarlanerako abaguneak topatu ditzaten. Eskozia eta Quebec bezalako lurraldeekin egin den bezala, lantzen ari gara kultur trukaketarako harreman sakona, bilatuz alde biko kultur programazio handia osatzea diziplina guztietan.

-Mugikortasunik eskatzen ez duten lan-ildoen ebaluazioa positiboagoa izan da?

-Nabarmentzekoa da itzulpengintzan bizitako gorakada; inoiz baino proiektu gehiago aurkeztu ziren 2020an, eta inoiz baino gehiago lagundu ahal izan ditugu aurten ere. 41 euskal obra itzuli ahal izan dira beste hainbat hizkuntzatara pandemia garaian.

-Datorren urteari begira, zein da aurreikuspena?

-Hainbat proiektu berri ditugu eskuartean. Colombiako Teatro Mayor-ekin sinatutako akordioari esker, euskal leihoa izango dugu musika, antzerkia eta dantza jasoko dituena: Amaia Elizaran, Sigma Project eta Lumi bertan izango dira. La Dramática Erranteren ‘Altsasu’ ikuskizuna ere ikusgai izango da.

ZABAL programari esker, halaber, documenta 15 nazioarteko erakusketa ospetsuan parte hartuko du Bilboko consonni argitaletxe eta espazio kulturalak. 2022ko ekainean egingo da Kassel-en, Alemanian.  consonni gidaren editore artistikoa izango da, eta editatuko du, baita ere, literatura liburu moduan aurkeztu duten proiektu artistikoa.

Finlandiako Tampere hirian joan den urtean abiatu genuen musika jaialdiari ere jarraipena eman nahi diogu, Mexikoko Jalisko eskualdearekin ere epe ertain luzera begira euskal leiho bat sortzen ari garelarik. Gainontzean, urtetik urtera egonkortzen joan diren hitzorduak berreskuratzeko lanean ari gara. Frankfurteko eta Boloniako liburu azokak, Tanzmesse Dantza azoka edo Nanteseko zinemaldiak kasu.

Beste helburuetako bat da dirulaguntzen sistema berria egonkortzea. Iruditzen zaigu ez dela urte normala izango, eta zentzu horretan, nahi dugu automatikotasuna mantendu. Aldi berean, gertuko leihoak mantenduko ditugu eta berreskuratu aurrera eraman ezin izan ditugun ikuskizun eta emanaldiak. Funtsean, sortzaileen ziurgabetasuna murrizten saiatzen jarraituko dugu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu