The International Legacy of Lehendakari José A. Agirre’s Government: lehen Lehendakariaren ondarea aztergai Berlinen
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal errealitatea munduratzen aurrena izan zen Agirre Lehendakariaren ondarea aztertzen ari da egunotan Humboldt Universität zu Berlin ospetsuak, hain zuzen ere euskarari buruzko ikerketa globalizatu zuen Wilhelm von Humboldt hizkuntzalariaren izena daraman alemaniar unibertsitateak.
Etxepare Euskal Institutuak, Universität Leipzig-ek eta William A. Douglass Center for Basque Studies at the University of Nevada guneak elkarlanean antolatu dute atzo, ekainaren 1ean, burutu zen The International Legacy of Lehendakari Jose A. Agirre’s Governmentkongresu akademikoa, lehen Lehendakariaren ondarea modu osatuan aztertzea xede. Agirre Lehendakaria Center-ek, Mikel Laboa Katedrak (UPV-EHU) eta MHLI Ikerketa taldeak (UPV-EHU) ere babestu dute programa. Kongresu hirukoitza da berez: lehen geldialdi bat egin zuen martxoan University of Nevada, Renon; orain jarraipena izan du Humboldt Universität zu Berlin-en, eta ekainaren 9an amaituko da, New Yorkeko Columbia University-n.
(...)
Euskal errealitatea munduratzen aurrena izan zen Agirre Lehendakariaren ondarea aztertzen ari da egunotan Humboldt Universität zu Berlin ospetsuak, hain zuzen ere euskarari buruzko ikerketa globalizatu zuen Wilhelm von Humboldt hizkuntzalariaren izena daraman alemaniar unibertsitateak.
Etxepare Euskal Institutuak, Universität Leipzig-ek eta William A. Douglass Center for Basque Studies at the University of Nevada guneak elkarlanean antolatu dute atzo, ekainaren 1ean, burutu zen The International Legacy of Lehendakari Jose A. Agirre’s Governmentkongresu akademikoa, lehen Lehendakariaren ondarea modu osatuan aztertzea xede. Agirre Lehendakaria Center-ek, Mikel Laboa Katedrak (UPV-EHU) eta MHLI Ikerketa taldeak (UPV-EHU) ere babestu dute programa. Kongresu hirukoitza da berez: lehen geldialdi bat egin zuen martxoan University of Nevada, Renon; orain jarraipena izan du Humboldt Universität zu Berlin-en, eta ekainaren 9an amaituko da, New Yorkeko Columbia University-n.
Berlingo kongresua Humboldt unibertsitateko Fritz-Reuter-Saal areto ikusgarrian izan zen atzo. ekainaren 1ean,eta batzorde antolatzailea osatu duten Carsten Sinner -Universität Leipzig-, Mari Jose Olaziregi -Etxepare Euskal Institutua, EHU- eta Xabier Irujo -William A. Douglass Center for Basque Studies, Reno- adituek eman zioten hasiera programari.
Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak hartu zuen hitza segidan; hark egindako erretratuaren arabera, Agirre 20. mendeko euskal politikari esanguratsuena izan zen, eta karisma handiena izan zuena.Agirrek demokraziaren alde eta totalismoen aurka egin zuen lana azpimarratu zuen, bai eta Europako herrien elkartasuna lortzeko egin zuen ahalegina, federalismo eta humanismoa oinarritzat hartuta. “Agirre aitzindaria izan zen Europaren aldeko mugimenduan -adierazi zuen-, bere belaunaldia ez ezik, ondorengoak ere inspiratu dituena”.
Philipps-Universität Marburgeko irakasle Carlos Collado Seidelek Bigarren Mundu Gerran Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuek Francoren erregimena eraisteko bide orriaz aritu zen, batetik, eta, bestetik, Willi Donovanen diktadura eten eta Agirre lehendakaria Espainiako gobernu berriaren buru izendatu operazio sekretuaz. Plan horien porrotaren arrazoiak ere xehetu zituen adituak.
Joan Villarroya Universitat de Barcelonako irakasleak errepublikarekiko leialtasuna euren bizitzarekin ordaindu zuten militarren kasua izan zuen aztergai. Guztira, dozena bat inguru ofizial eta buru exekutatu zituzten, gehienak Bilbon, Errepublikarekiko eta haren instituzioekiko leialtasuna erakustearren.
Nicholas Rankin BBC World-eko kazetariak José Antonio Agirre Panamako José Andrés Álvarez Lastra doktorea bilakatu behar izan zueneko garaiak ekarri zituen gogora. Identitatea eta pertsonalitatea aldatzea ezinbesteko izan zuen Lehendakariak, Nazien Europan bizirik iraungo bazuen; Agirreren egunkaria eta idatziak oinarri hartuta, klandestinitateko garai haien berri eman zuen Rankinek.
Hilari Raguer i Suñer Montserrateko Monastegiko historialariak bere mintzaldian azaldu zuen moduan, Vatikanoak ez zituen Francoen aurka azaldu ziren euskal kristauak zigortu, diktatoreak hala egin zedin ahaleginak egin zituen arren. Areago: azaldu zuenez, euskaldunentzako errendizio baldintza onuragarriak eskuratzen saiatu zen Eliza.
Eta William A. Douglass Center for Basque Studiesat the University of Nevada Renoko Xabier Irujo izan zen egitarauari amaiera eman ziona. Franko genozida izan ote zen galdera oinarri hartuta, euskaldunek 1936-1945 urteen bitarteko jazarpenak Raphael Lemkinek jaso zituen genozidioaren ezaugarriekin alderatu zituen Irujok, euskaldunen kasuan kultur genozidioak garrantzi berezia ere izan zuela azpimarratuz.
Humboldt unibertsitateko ikasleekin bat egin zuten entzuleen artean bertan ziren Agirre Lehendakari Center-eko Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria eta Amaia Agirre, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari den Asier Vallejo, Ainhoa Añorga Berlingo Euskal Etxeko presidentea, Marie Kapretz Kataluniako Gobernuko Alemaniako ordezkaria eta nazioarte mailako hainbat aditu, Ingo Niebel historialaria, kasu.
Berlingo kongresuari jarraipena emango dio gaur, ekainaren 2an, etaHumboldt Universität-en bertan, Agirre in den Künsten (Agirre Arteetan) programak. Bertan, Mari Jose Olaziregik -Etxepare Euskal Institutua, EHU- Gerra Zibilak euskal fikziozko literaturan duen presentziaz ariko da; Miren Arzalluzek -Deustuko Unibertsitatea, London School of Economics- erbestearen eta modaren arteko harremana jorratuko du, Balenciagatik Rabannera; Daniela Bisterrek-Philipps-Universität Marburg, Konrad-Adenauer-Stiftung-Kirmen Uribe aurkeztuko du; idazlea bere hurrengo liburuaz ariko da, euskal historia eta nortasuna islatzen dituena; segidan Benjamin Inalek -Phillips-Universität Marburg- Gernikako bonbardaketa artearen ikuspegitik aztertuko du; eta Iker Sánchez Silva orkestra zuzendariak, Munduko Gerren arteko musika izango dute hizpide; entzungai ere izango da, Joana Otxoa de Alaiza piano jotzailearen eta Paula Iragorri mezzosopranoaren eskutik.
Unai Lauzirikak modu bikainean koordinatu dituen Berlingo programa akademiko hauek, bestalde, Berlingo Euskal Etxeak hainbat eragilerekin elkarlanean eta EJko Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren babesarekin antolatu duen Agirre in Berlin 1941-2016. Das Baskenland mitten in Europa(Euskal Herria Europaren bihotzean) programaren baitan kokatzen dira. Agirre Berlinera ihes egin zueneko 75. urteurrena gogoratu nahi duen egitaraua maiatzaren 31tik ekainaren 3ra gauzatzen ari da Berlinen, eta bi jarduera gehiago izango ditu oraindik ere amaitu aurretik: Kirmen Uriberen eta Mikel Urdangarinen Zaldiak eta beren itzalak ikuskizun berriaren estreinaldia Gorki Theater Studio sonatuan, gaur iluntzean, eta Xabier Irujok ekainaren 3an MedienGalerie-n eskainiko duen hitzaldia (argibide gehiago www.agirreinberlin.es web orrian).