Transpoesie: Leire Bilbao
Euskara. Kultura. Mundura.
-
23Ira 202121Urr 2021Brusela
Bruselara heldu da, beste behin, Transpoesie jaialdia. Urriaren 21era bitarte luzatuko da hizkuntz-aniztasunaren aldeko jaialdi literarioa. ‘To be in the (k)now’ da aurtengo leloa, ‘orainean egon’ eta ‘jakinaren gainean egon’ esaldien arteko jolasa, eta antolatzaileen proposamena, poesiak gizarte adierazpenerako bide gisa eskaintzen dituen aukerak aztertzea. Leire Bilbaok parte hartuko du EUNIC erakunde antolatzaileak (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) Etxepare Euskal Institutuarekin burututako elkarlanari esker
Poeta eta parte-hartzaileak gonbidatu nahi dituzte gaur egungo poesia eta post-pandemia garaikoa aztertzeko, mundu osoko hitzak dozenaka hizkuntzatan partekatuz ekitaldi publiko eta hibridoen bidez.
Bilbaok, zehazki, irailaren 30ean hartuko du parte jaialdian. ‘Action or Inaction - The New Generation’ izenburuko mahai inguruan ariko da, 18:00etan, Bruselako Cerbvantes Institutuaren egoitzan, hurrengo solaskideekin: Miss Raisa (Katalunia), Len Pennie (Eskozia), Jonas Gren (Suezia) eta Marius Burokas (Lituania). Informazio guztia sarean dago kontsultagarri.
Jaialdian zehar, poetek beren lanak jatorrizko hizkuntzetan partekatuko dituzte, ingelesez, frantsesez eta nederlanderazko itzulpenekin. Arabiera, euskara, katalana, txekiera, nederlandera, ingelesa, estoniera, faroera, finlandiera, frisiera, georgiera, alemana, hebreera, hungariera, islandiera, Italiera, letoniera, lituaniera, luxenburgera, maltera, poloniera, portugesa, errumaniera, eskoziarra, esloveniera, gaztelania eta suediera entzun ahalko dira Bruselan.