Unai Lauzirika, Leipzigen irakurlea: "Ikasle guztiek ematen diote aukera euskarari, aurreiritzi gabe"

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-11-14

Zer da irakurle bat? Zein da zehazki bere lana? Nolakoa da bere egunerokoa? Irakurletzen inguruan dituzuen galdera guztiak erantzutea erabaki dugu. Eta hori egiteko, nor hobeto irakurle bat baino?

Unai Lauzirika lekeitiarrak lau urte daramatza Leipzigen (Alemania), euskara eta euskal kultura lanetan. Etxepare Institutuaren irakurletza sareko parte da, 34 nazioarteko unibertsitatetan banatutako 30 irakaslez osatua. Zuk ere sare horretako parte izan nahi duzu? Jarraitu irakurtzen benetako esperientzia ezagutzeko: 

 

Zer da irakurle bat? Zein da zehazki bere lana? Nolakoa da bere egunerokoa? Irakurletzen inguruan dituzuen galdera guztiak erantzutea erabaki dugu. Eta hori egiteko, nor hobeto irakurle bat baino?

Unai Lauzirika lekeitiarrak lau urte daramatza Leipzigen (Alemania), euskara eta euskal kultura lanetan. Etxepare Institutuaren irakurletza sareko parte da, 34 nazioarteko unibertsitatetan banatutako 30 irakaslez osatua. Zuk ere sare horretako parte izan nahi duzu? Jarraitu irakurtzen benetako esperientzia ezagutzeko: 

 

 

Nola definituko zenuke euskara eta euskal kultura irakurlearen figura?


Berez, irakurleak irakasleak gara eta ikasleek horrela ikusten gaituzte, zentzu horretan  izen ñabardura bat besterik ez da gurea. Halere, ez gara irakasle arruntak, nolabait esateko enbaxadore lana ere bada gurea, zeren gu gara Euskal Herriko ordezkariak unibertsitateko irakasle zein ikasleentzat. Ordezkari baino bitartekariak garela esango nuke, inor ordezkatu baino bitarteko lana gure esku geratzen delako. Irakurletza bat Euskal Herriaren erakusleiho edota atea da, edo izan beharko luke. Hori programazioan ere erakutsi behar da, ikasgai eta ekitaldi desberdinak eskainiz. Hori da nire ustez irakurlearen lana.  Sarri gure ikasle ez direnak ere gerturatzen dira informazio eske, beraien lan eta ikerketetarako laguntza eske. Mota horretako lana gure egunerokoaren parte da.   

Era berean, gure eskaintza nabarmendu nahi badugu irakurleak aktibo behar du izan saileko lankideekin harremanetan. Harreman-sarea zabaldu eta nork zer egiten duen jakin beharra dago. Leipzigeko kasuan galegoa, katalana, sorabiera, irlandera eta beste hainbat hizkuntza irakasten dira. Irakurlearen ardura da bere lana erakutsarazi eta eskaintza zabalaren aurrean euskara eta euskal kultura klaseak kokatu eta nabarmentzea.

 

Nolakoa da zure lana egunerokoan? Eta zure esperientzia irakurle moduan?


Irakurlearen lana oso atsegina dela esango nuke. Unibertsitateko egunerokoan kokatzen da: saileko bilera puntualetatik aparte, gure oinarrizko lana  programa akademikoa aurrera eraman eta hitzartutako klase orduak ematea da. Horrez gain, irakurleak aukera dauka bere kabuz gehiago ikasi eta ikertzeko, behin unibertsitate munduan sartuta bere gain hartu behar du hobetzeko lana ere.

Eguneroko klaseetaz gain, ekitaldien garrantzia aipatuko nuke, egunerokotasunetik aldendu eta aditu edota idazle zein artistak ekartzeko aukera baitaukagu. Ekitaldien antolakuntzak lana eskatzen du, baina emaitzak oso onak izaten dira eta luxu bat da  ikasle zein irakasleontzat kanpoko gonbidatuak gertutik ezagutzea.

Klaseei dagokionez, euskara eta kultura klaseen artean bereizketa egingo nuke, oso profil desberdineko ikasleak baitatoz. Euskara klaseetan hizkuntza eta kultura ezaugarri orokorrak ezagutzea da helburua, hitz egitea. Kultura klaseetan aldiz, klaseak alemanez dira eta gai ugari lantzen ditugu. Hasieran hizkuntzalaritza gaiak (diakronia, tipologia, etabar) ikasten ditugu eta  seihilekoa aurrera joan ahala, hizkuntz-politikak, literatura eta beste zenbait kultur arlo lantzen dira. Beraz horko ikasleen interesa eta ikasitakoaren aplikazioa oso desberdina da. Ikasle batzuek ez dute hizkuntza berri bat ikasten hasi nahi, baina aldiz interes bizia dute atzerriko hizkuntza baten barne funtzionamendua ezagutzeko. Mota horretako ikasleak hizkuntzalaritza eta kultura klaseetan sartzen dira. Tartean daude baita historia edota literatura gaiak landu nahi dituztenak. Esan bezala, motibazio aldetik ikasleria oso desberdina da eta  denei erantzun beharra dago.

 

Zein perfileko ikasleak dituzu? Zerk motibatzen ditu ikasle alemaniarrak euskara ikastera?


Adinez 22-27 urte bitartean dabiltza; emakumeak nagusi, gizonezkoak inguru dira. Gehienak itzulpengintza, interpretazioa eta hizkuntzalaritzakoak dira, baina noizean behin japoniar edota afrikar ikasketetako ikasleak ere animatzen dira. Denetarik dago. Zenbat eta jatorri desberdinagokoak izan, orduan eta giro atseginagoa sortzen da klasean.

Atzerrian lan egitearen abantailarik handiena da ikasleak berez oso motibatuta datozela. Hemengo ikasleek ez dute lanerako titulu baten beharrizanik, beraien motibazioa ez da instrumentala, benetako interesa daukate. Hizkuntza interesatzen zaie eta nabari da klaseetara etortzea gustuko dutela. Leipzigen, seihileko batzuetan 7:30etan eman behar izan ditugu klaseak eta ikasleek ez zuten hutsik egiten, hori baino adibide hoberik ez dago.  

Batzuetan euskal kultura klaseetara entzule gisa ere etortzen dira, programazioa publikoa denez interesa duen edonor etor daiteke gai zehatzak ikastera, nahieran.

Motibazioari dagokionez ezin daitezke ikasle guztiak zaku berean sartu. Batzuei hizkuntza edo kultura (musika batez ere) ezagun zaie, aurretiaz Euskal Herrian egon direlako.  Esperientzia horrek erakartzen ditu. Beste batzuek interes praktikoa dute, hizkuntza minorizatu edota linguistikoki erakargarri bat ikasi nahi dute beraien ikasketa profila osatzeko. Bikote euskalduna dutenak ere etorri izan dira, hori beti baita argudio sendoa hizkuntza bat ikasterakoan. Halere, ezaugarri amankomun bat aipatzekotan, esango nuke denek ematen diotela aukera bat euskarari, aurreiritzi gabe. Hemen ez dago aurrejuzgurik, gazteak dira eta probatu nahi dute. Horregatik diot, berez, irakurlearen lana erraza dela, atzerritarra “publiko” ona baita.

 

Klaseez gain bestelako ekintzak antolatzen dituzue?


Ikasturtean zehar hitzaldi eta ekitaldi desberdinak antolatzen ditugu. Ohiko zine-emanaldi edota korrika bezalako ekitaldiez gain, sukaldaritza topaketak edota dantza ikastaroak bezalakoak aipa daitezke. Aurten esaterako Amaia Bergara bekadunak dantza ikastaroa eskaini du eta ikasle asko gerturatu dira.

Baina ikasleei zuzenduriko ekitaldiak baino, unibertsitate mailan antolatutako hitzaldi eta ikastaroak azpimarratuko nituzke, kanpoko gonbidatuen ekarpena nabarmendu.

Azken lau urteetan hogei aditu edo idazle baino gehiago izan ditugu Leipzigen, horrek ikusgarritasuna ematen dio gure eskaintzari, bai fakultateko beste sailen aurrean zein ikasleen artean. Euskal gaietan matrikulatzen den ikasleak badaki gai desberdinen inguruan janzteko aukera izango duela, eta beste sail desberdinetako jendea ere gerturatzen da. Azken urteotan itzulpengintza, literatura eta hizkuntz politikei buruzko hitzaldi, ikastaro eta tailerrak prestatu ditugu, horretan zentratu gara. Ikasturte honetako hitzaldietan hizkuntzalaritza gaiak landuko ditugu bereziki, esparru horretako ikasleak ere erakarri nahi ditugu.

 

Zein gomendio emango zenioke irakurle berri bati?


Gogoz hartzeko. Irakurle lana erronka ederra da edozeinentzat, beste hizkuntza batean klaseak eman eta atzerriko unibertsitate baten egunerokora moldatzeak ­-burokrazia barne- lana eskatzen du; baina gogoz eta serio hartzen baduzu, luxu bat da. Aurrez esan bezala, ikasleen berezko motibazioak lana errazten du eta, horrez gain, beste herrialde batean bizitzeko aukera paregabea daukazu, gustuko lana eginez, gainera.  Jendez inguratuta eta asko ikasi dezakezun ingurune batean.

Horrez gain,  lan honek gauza oso garrantzitsu bat dauka bere alde: egiten duzun guztia zuretzako da. Beti ikasiko duzu zerbait, prestatzen duzun gai berri bakoitzetik edota antolatutako ekitaldien bidez. Aurretiaz ikasitakoak zabaldu eta moldatuko dituzu. Norbera garatzeko prozesu bat da azken finean. Lehen urtean programazioa  eta klaseak prestatzeak lana eskatzen du; baina behin martxa hartuta, programazioa moldatzen eta modulu berriak sortzen edo zabaltzen joango zara. Gauza berriak ikasten eta probatzen. Gonbidatuak gertutik ezagutzea edota beste irakasle eta lankideek antolatutako klase eta ekitaldietara joatea beti da aberasgarri, azken finean norbera zabaltzen da beste ezagutza eta hizkuntza berrietara.

Hau guztia esan arren, lana serio hartu eta norbere onena ematea gomendatuko nioke;  unibertsitate batean maila eskaini behar da eta ez dugu ahaztu behar gure hizkuntza eta kulturaren ordezkariak garela. Ikasle gehienentzat gu gara ezagutzen duten euskaldun bakarrak. Horrek ardura dakar eta lana seriotasunez hartu behar da, atzerriko unibertsitate batek eskatzen duen mailan, baina gogoko lanak beti ematen ditu emaitza onak.  Filologiako ikasleak animatuko nituzke bereziki, beste hizkuntza batera salto egin, ikasitakoak praktikan jarri eta gehiago ikasteko aukera ona da gurea. Atzerrian ikasketak zabaltzeko aukera paregabea . Animatu! Honetaz konbentzitu beharrik ez dago, berez lan ederra da eta!

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu