Unibertsitate sareko 31 ikasle euskara ikasten Zornotzan

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-08-02

Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten duten ikasleetako 17k aurrez-aurreko ikastaro trinkoa egingo dute Zornotzako Aurten Bai barnetegian, eta beste 8k online ikastaroa burutuko dute.  

Aurreko urtean egin zen modura, aurtengoan ere egonaldiak bi txandatan burutuko dituzte. Lehenbiziko txandan, uztailaren 17tik 28ra, egongo diren 17 ikasleak Zornotzan izan dira jada. Bost ikasle Poloniatik etorri dira eta bina ikasle Alemaniatik, Italiatik, Argentinatik, Uruguaytik, Txiletik eta Mexikotik. Euren euskara mailaren arabera sailkatu dituzte taldeetan, barnetegian dauden beste ikasle batzuekin batera, gehienak A1 mailan. Egonaldiaren helburua da euskalduntzearen maila bat egitea. Data berdinean, beste 8 ikaslek online ikastaroa egin dute, nork bere herrialdetik. 

Bigarren txanda berriz, abuztuaren 1etik 12ra egingo da. 14 ikaslek parte hartuko dute: Italiatik lau  ikasle etorri dira; bina ikasle Bartzelonatik, Poloniatik eta Alemaniatik eta Mexiko, Argentina, Chile eta Estatu Batuetatik bana. Ikasleek Aurten Bai-ko programa jarraituko dute eta bertan hartuko dute ostatu. 

Barnetegiko ikasleen artean idazlanen lehiaketa bat antolatzen du urtero Institutuak barnetegia hasi aurretik. Parte-hartzaileek orrialde bateko idazlan bat egin behar dute, aurtengo gaia “Berriro itzuliko balitz...” izan da. Irabazleari,  egonaldia ez ezik, bere herrialdeetatik Euskal Herrirako joan-etorria ordaindu zaio. Aurtengo edizioan Lorea Tintori izan da hautatua, Università di Bologna-ko A2 mailako ikaslea. Iazko edizioaren irabazlea berriz, Maria Fernanda Garduño UNAM unibertsitateko ikasle mexikarra izan zen. 

Hauek ez dira ordea  2023. urtean zehar Euskal Herrira euskara ikastera etorri diren ikasle bakarrak. Izan ere, urtarrilaren 9an, Etxepare Euskal Institutuak Latinoamerikan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurleen sareko 13 ikaslek Aurten Bai barnetegiaz gozatu zuten. Gehienek online bertsioan parte hartu zuten, baina beste ikasle batzuk aurrez aurre joan ziren Amorebietara. 

 

Euskara ikasteko bekak 
Etxepare Euskal Institutuak 2012tik eskaintzen ditu euskara ikasteko egonaldiak egiteko bekak. Atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena helburu, Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sareko ikasleek Zornotzako Aurten Bai barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko aukera dute. Etxeparek eta Aurten Bai Fundazioak erdibana bere gain hartzen dute ikastaroaren, ostatuaren eta otorduen kostua eta ikasle hautatuek asegurua eta bidaia ordaintzen dute. 2020. urtetik online ikastaroa ere eskaintzen da. Halaber, ‘Aurten euskara bai!’ idazlan lehiaketa antolatzen du Etxeparek urtero, unibertsitate sareko ikasleei zuzenduta. Irabazleari, egonaldia ez-ezik, bere herrialdetik Euskal Herrirako joan-etorria ordaintzen dio. 

Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta 1400dik gora dira euskal ikasketekin loturiko gaietan matrikulatuta daudenak. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu