UNICEN: Amale Artetxe Katedra 2021
Euskara. Kultura. Mundura.
-
01Aza 202105Aza 2021Tandil
Beñat Sarasola, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, izango da Amale Artetxe katedrako irakasle gonbidatua. Graduondoko ikasleei zuzendutako mintegi batek eta hitzaldi ireki batek osatzen dute aurtengo programa akademikoa.
´El pensamiento estético vasco en el siglo XX: identidad, particularismo y diferencia´ izeneko mintegia azaroaren 1etik 5era emango da Historiako Doktoretza Programaren baitan, Ikerketa Historiko-sozialen Institutuan, Universidad del Centro de la Provincia de Buenos Aires (UNICEN) unibertsitateko Gizarte Zientzien Fakultatean. 20 orduko ikastaro honen helburua da euskal pentsamendu estetikoa aztertzea XX. mendeko gertakari historikoen argitan. 98ko belaunaldia, 30. hamarkada eta euskal pizkunde, euskal poesiaren estetikaren inguruan Jose Ariztimuño "Aitzol", Xabier Lizardi, Nikolas Ormaetxea "Orixe" eta Estepan Urkiagaren "Lauaxeta" izandako eztabaidak, Jorge Oteizaren ekarpenak eta XX. mende bukaera eta XXI. mende hasierako belaunaldia izango ditu hizpide Sarasolak.
Bestetik, ´Literatura vasca traducida al castellano (1989-2021)´ hitzaldi irekia emango du. Aurkezpena Marcelino Irianik (IEHS-IGEHC-UNICEN/CONICET) egingo du. Hitzaldia online izango da, azaroaren 5ean, 18.00etan (Argentinako ordua, GMT-3) eta izen ematea azaroaren 4a baino lehen email honetara idatziz egin daiteke: doctoradohistoria@yahoo.com.ar
Euskarazko literaturak interes gutxi piztu du historikoki, eta apenas itzuli da beste hizkuntza batzuetara XX. mendearen amaierara arte. Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’ lanak Espainiako Literatura Sari Nazionala jaso zuen 1989an, eta hortik aurrera gero eta liburu gehiago itzuli dira euskaratik. Mintzaldi honetan, Beñat Sarasolak gaztelaniara itzulitako euskal literaturaz hitz egingo du, ‘Obabakoak’ izan zen mugarritik abiatuta. Gaur egungo lanak eta autoreak ezagutzera emateaz gain, euskal literaturan itzulpengintzaren inguruan dauden eztabaidetako batzuk aurkeztuko ditu, baita euskarazko literaturak Europako literatura handienek markatutako kristalezko sabaia gainditzea lortu duen (edo ez) moduari buruzkoak ere.
Biografia
Beñat Sarasola (Donostia, 1984) idazlea, literaturako kritikaria da eta irakaslea da. Filosofian, eta Literatur Teoria eta Literatura Konparatuan lizentziatua da (Universitat de Barcelona). Euskaraz bi poema-liburu argitaratu ditu: ‘Alea’, 2009an eta ‘Kaxa huts bat’, 2007an. Eta Philip Rothen ‘Nemesis’ liburua euskaratu du. 2019an ‘Deklaratzekorik ez’, bere lehen eleberria argitaratu zuen Susa argitaletxearen eskutik. Urtebetez ETB 1-eko Sautrela literaturari buruzko telebista saioa zuzendu eta aurkeztu zuen. Literatura kritikak hainbat egunkaritan argitaratzen ditu.
Amale Artetxe Katedra
2019. urtean jarri zen abian Amale Artetxe Katedra, CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundearekin elkarlanean, humanitateen arloan, jarduera akademiko eta ikerketa jardueren bidez euskal ikasketak sustatzeko. Amale Artetxek Argentinako euskal diasporan eginiko ekarpenari lotuta, euskal kultura humanitateen eremuan eta berdintasunaren ardatzari erreparatuz dira aztergai katedra honetan.