- Online ikusi genuen gala, bagenekielako aukerak genituela, gure film laburrak ibilbide ona izan baitu. Beste hainbat sariren artean,munduko animazio jaialdirik garrantzitsueneko, Annecyko,Epaimahaiaren Saria irabazi du, eta horrek bultzada handia eman dio. Orain,film berri batean ari gara lanean hainbat estudioren artean, eta Coruñako bulegoan geundela ikusi genuen gala, laburrean parte zuen lantaldearekin, proiektu berri honetan ere esku hartzen baitute zenbaitek. Oso pozik geunden eta izendapena ospatzeko topa egin genuen.
- Film laburraren emaitza onak ikusita, zer aukera ikusten dituzue saria eskuratzeko?
- Estatistikek aukerak daudela diote (barreak). Nazioartean ibilbide ona egin dugu: ospe handiko hainbat sari jaso ditugu, eta hori positiboa izan daiteke. Sari honekin gertatzen dena da 1.600 akademikok bozkatzen dutela eta guztiek ez dituztela laburrak ikusiko. Gainera, norberak dituen kontaktuek ere eragina dute aukeraketan. Gu, euskaldunak eta galiziarrak garenez, periferian gaude; izan ere, akademikoen kopuru handiena madrilen bizi da. Baina tira, Goya gehiago ere irabazi ditugu; ibilbidea dugu enpresa gisa, baita ekoiztetxeak, nik zuzendari gisa eta lantaldeak ere.Beraz, uste dut aukerak baditugula.
- 2020a urte zaila izan zen sektorearentzat, baina, egia esan, zuei oso ondo joan zaizue´Homeless Home´ film laburrarekin.
- Oso urte txarra izan da, batez ere film luzeen estreinaldietarako. Film laburren kasuan estreinaldiak jaialdietan izaten dira, eta horietako asko, online bada ere, egiten ari dira. Ez da gauza bera; izan ere, ezin duzu lekuetara bidaiatu, zure proiektua aurkeztu, hari buruz hitz egin eta abar, baina elkarrizketak online egin ditzakezu. Hori da bizitzea tokatu zaiguna;horretara egokitu eta egoera onartu behar dugu.
- Film laburra ikusteko aukerarik izan ez dutenei, nola aurkeztuko zenieke?
Alberto Vázquez: Hamabost minutu inguruko lana da eta Erdi Aroko fantasiazko mundu batean kokatuta dago. Deabruak, sorginak eta orkoak dira protagonistak, baina gaiak eta pertsonaien arazoak erabat garaikideak dira. Krisi ekonomiko eta sozial batek jatorrizko herrietara itzultzera behartzen ditu; adikzio-arazoak daude, gaixorik dauden gurasoak zaintzera itzuli behar duten gazteak… Erdi Aroko fantasia baliatu dugu gaur egungo gaiei buruz hitz egiteko. Horretan datza film laburraren jokoa: intimista eta soziala da, klima hori lantzen ez duen genero baten barruan. ‘Espainia despopulatua’ deritzoten hori irudikatzen dugu: herri horiek gainbeheran daude husten ari direlako.
- Zer balantze egiten duzue lortzen ari zaretenaz?
- Zoragarria izaten ari da. Egia esan, gure lan guztiek oso ibilbide ona izan ohi dute, eta ´Homeless Home´-ek aurrekoen ildo beretik jarraitzen du. Iraupen luzeko lasterketa da:gure laugarren film laburra da, film luze bat ere egin dugu, orain bigarrenarekin gaude, eta dena handituz doa, guk ere hobera egiten baitugu. Lehen film laburretik hona asko hobetu dugu; geroz eta maila, kontaktu eta baliabide gehiago ditugu. Azken lan hau jauzi handia izan da finantziazio mailan; Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko koprodukzioa da eta, ondorioz, aurrekontua bikoiztu egin zaigu.
- Azkenean ezin izan den arren, Annecyko Zinemaldiak berak Oscars sarietarako hautagai gisa proposatu zintuzteten.
- Hala da. Bagenekien zaila zela, Oscars sarietarako Pixar eta Disney bezalako enpresa handiagoen film laburrak aukeratu ohi baitituzte, zeinak mezu zuriagoa duten, gainera. Gure film laburra nahiko iluna da, sexua dago, indarkeria dago, eta hori ikustea zaila da. Ez ditugu Oscars-ak edo Goyak irabazteko film laburrak egiten; hori ez da gure xedea, bestela beste produktu mota batzuk egingo genituzke, umeei zuzendutakoak edo publiko guztientzat direnak. Hori balitz gure helburua, istorioak eta kontatu nahi dudana bideratzeko modua aldatuko nituzke, baina horren bila ez gabiltzanez, geure espirituari leial izaten jarraitzen dugu. Ematen diguten guztia beti eskertuko dugu.
- Film luze batean lan egiten ari zaretela esan duzu. Hitz egin diezagukezu esku artean duzun proiektuari buruz?
- Hiru urte daramat proiektu batean lanean:orain ekoizpen-fasean gaude eta 2022an estreinatzeko asmoa dugu. ‘Unicorn Wars’ du izenburu, eta adarbakarraren gerra esan nahi du.Baso magiko batean gertatzen den fabula bat da, hartzatxoen eta adarbakarren arteko gerra bati buruzko. Niretzat garrantzitsuak izan diren film batzuen berrinterpretazio moduko bat da, ´Apocalipsis now´ edo ´Platoon´ kasu. Oso pozik gaude animazioaren sektorean ikusmin handia sortu duelako proiektuak, eta dagoeneko jaialdi garrantzitsuetan aurkeztu dugulako.