VI. Irakurleen Topaketa egin da Tabakaleran

2023/07/21

Euskara. Kultura. Mundura.

Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 23 irakurle elkartu dira uztailaren 21ean, Donostiako Tabakaleran. Topaketan pasa den ikasturtearen balorazioa egiteaz gain etorkizuneko erronkak partekatu dituzte. 

Uztailaren 21ean, ostiralean, Tabakalerako K aretoan Etxepare Euskal Institutuaren bitartez 15 herrialdetako 31 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko 23 lagun elkartu dira. 17 irakurlek bertatik bertara parte hartu dute, eta seik online.  Horien artean,  datorren ikasturtean lanean hasiko diren bost irakurle berri bertaratu dira. 

Topaketan, 2022-2023 ikasturteko balorazioa egin dute eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartu dute. Irakurleez gain, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Monika  Madinabeitia  Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria eta irakurletza sareko Eneko Agirre eta Xabier Etxeberria teknikariak ere izan dira bertan. 

Urtero antolatzen den topaketak hitzaldiak eta talde dinamikak barne hartu ditu. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak topaketaren aurkezpena egin ostean, irakurleekin solasaldirako tartea izan dute.  

Ondoren, Eneko Agirrek eta Xabier Etxeberriak Institutuko Irakurletza sareko teknikariek, irakurleen arteko talde dinamika gidatu dute, pasa den ikasturteko esperientziak partekatzeko eta hurrengo ikasturteko erronkei buruz eztabaida bideratzeko.  

Azkenik, irakurleek hartu dute hitza, galderak, proposamenak eta iruzkinak egiteko. Eguna borobiltzeko, Kepa Errasti aktoreak Topaketarako beren-beregi sortu duen bakarrizketa bat eskaini du. 

Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea 
Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakasleak dira. Horrez gain, esparru akademikoan euskal kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz ere arduratzen dira, jarduera kultural eta akademikoak antolatuz eta kultur-arteko topaguneak sustatuz. 2023-2024 ikasturtean zortzi irakurle berri hasiko dira lanean Institutuaren irakurletza sarean. 

Topaketa hauek 2018 urteaz geroztik egiten dira, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea indartzeko asmoz. Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Irakurletza programaren bitartez, Institutuak euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko testuinguruetan. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 34 unibertsitatek osatzen dute Institutuak sustatzen duen sare hori, eta 28 dira sare horretan diharduten irakurleak.  

Ehundura hau indartzeko, ezinbestekoa da irakurleek trebakuntza egokia jasotzea, eta horretarako, Institutuak hainbat ekimen antolatzen ditu. Esate baterako, EHU/UPV-ko Udako Ikastaroen baitan gaur hasi den ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII’ ikastaroa; edo urrian hasiko den ‘Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa’. Azken hau EHU/UPV-ko Donostiako Campusean egingo da urritik azarora, dagoeneko irakurleak diren edota irakurleak izan nahi duten pertsonen formakuntza garatzeko helburuz. Matrikulazio epea dagoeneko zabalik dago. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu