Zinema dokumentala eta nazioarteko kongresu bat Scotland Goes Basque programari amaiera emateko

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-10-10

2019. urte hasieratik hona, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusienetako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe-en eta literatura Edinburgh International Book Festival-en.

2019. urte hasieratik hona, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusienetako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe-en eta literatura Edinburgh International Book Festival-en. Udazken honetan berriz zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarriko du fokua #ScotlandGoesBasque programak.

Europa Transit, Edinburgo eta Glasgown

Uriaren 11n hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental-bildumako hiru izenburu izango dira ikusgai Eskozian: Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Europan barrena hamar hiritan (Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika) abiatu zen kultura-enbaxada ibiltaria izan zen Europa Transit; horren helburua zen elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzeko. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru ditugu Edinburgo eta Glasgown aurkeztuko direnak.

“Kaleko dantzariak”

Urriaren 12an Edinburgoko Scottish Documentary Institute delakoan aurkeztuko den Kaleko dantzariak filmak Sra. Polaroiskak, hau da, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxek osatutako talde artistikoak Bulgariako Plovdiv hirian erromaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko burututako egonaldia jasotzen du. Proiekzioaren aurkezpena María Ibarretxe eta Alaitz Arenzanak egingo dute, eta proiekzio horren osagarri, bezperan, Lur away performancea taularatuko dute eskoziar hiriburuko Lauriston Hall aretoan.

“Mugaminak”

Urriaren 17an, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Zipren greko-zipretar eta turko-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatuz grabatutako Mugaminak dokumentala aurkeztuko du Edinburgoko St Cecilia’s Hall aretoan. Gainera, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun suertatu zen Amets Arzallusek bertsolaritzaren inguruko hitzaldia emango du.

“Erresilientzia-soinuak”

Zikloa ixteko, urriaren 20an Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan Erresilientzia-soinuak dokumentala aurkeztuko da. Maite Arroitajauregi, Mursego, eta Vedran Smailovic, Sarajevoko biolontxelojotzailea protagonista dituen filmak musikaren bidez trauma gainditzeko gaitasunaz jarduten du, Bosnia Herzegovinako gerraren ostean egun bizi den egoeratik abiatuta. Jarraian, Mursegoren zuzeneko emanaldia izango da areto berean.


Komunikazio sistema globalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak hizpide Edinburgoko Unibertsitatean

Euskal Herriak eta Eskoziak komunean dituzten faktoreen artean daude hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta  hauen garapena.

Hortik abiatuta, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko kongresu bat antolatu dute, urriaren 16an eta 17an Edinburgoko Unibertsitateko The Informatics Forum eraikinean egingo dena. 30etik gora aditu bilduko dituen kongresu honen xedea da hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea  eta, aldi berean, unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea.

Besteak beste, landuko diren gaiak dira komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Eta honakoak dira hizpide izango diren hizkuntzak: akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.