10 urte euskara, euskal kultura eta sorkuntza nazioartean sustatzen

2020/12/09

Euskara. Kultura. Mundura.

Duela 10 urte, 2010eko urriaren 29an ireki zituen, ireki zituen ateak ofizialki Etxepare Euskal Institutuak. Bernat Etxepare, euskaraz argitaratutako lehen liburuaren idazlearen izena daraman erakundearen helburua, bertako eta atzerriko eragileekin elkarlanean, euskara eta euskal kultura eta sorkuntza sustatu eta ezagutzera ematea nazioarte mailan, eta hauen bidez, beste herrialde eta kulturekin harreman iraunkorrak eraikitzea, elkarri balioa eman eta aukera berriak sortuko dituzten harremanak.

Nazioarteko kultur trukaketak eta kalitatezko jarduera artistikoak sustatuz; sortzaile, artista eta kultur eta sektoreetako profesionalen mugikortasuna bultzatuz; euskal literaturaren itzulpengintza lagunduz; eta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza bermatuz, asko dira urte hauetan zehar, eremu kultural zein akademikoan, egin dituen lagunak.

10. urteurrena erakunde-ekitaldi batekin ospatu da Donostiako Tabakaleran. Institutuko lankideak eta egungo zuzendaritza organoetako ordezkariak elkartu dira bertan, euskal kultura, unibertsitateak eta erakunde publikoak ordezkatuz.

Ekitaldian Irene Larraza zuzendariak erakundearen ibilbidea ekarri du gogora, baina batez ere 10 urteotan euskara eta euskal kultura nazioartean zabaldu  duten horiei eman nahi izan die hitza. Hala, 11 sortzaile, itzultzaile eta irakasleren kontakizunak izan dira entzungai, munduan bete dituzten 11 aulkiren bidez irudikatuta eta Sra. Polaroiskak zuzendutako zuzeneko ekitaldi performatibo batez lagunduta

Gainera, 11 testigantza horiekin, eta “Kultura gureagoa da partekatzen dugunean” lelopean, kanpaina bat burutuko du Etxepare Euskal Institutuak abenduan, gure hizkuntza, kultura eta sorkuntza partekatzearen eta ezagutaraztearen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Datozen bi asteetan sare sozialetan eta zenbait hedabidetan ikusi ahal izango da kanpaina hori eta www.etxepare.eus/10urte webgunean lagun horien bizipenak eta kontakizunak entzun daitezke.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzaren aurrean (Tabakalerako 3. solairuan) munduko hainbat tokitan euskara, euskal kultura eta sorkuntzaz gozatzeko aukera eskaini duten 11 aulki horiek (antzoki, zinema, erakustareto, jaialdi, edota unibertsitateetakoak) instalazio batean ikusgai izango dira. Eserleku horietako bakoitzaren QR kodearen bitartez, kanpainako 11 protagonisten  bizipen, hausnarketak entzuteko aukera ere emango da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu