2019 eta 2020ko ekimen eta erronken errepasoa egin du Irene Larrazak Patronatuaren bileran
Euskara. Kultura. Mundura.
Iñigo Urkullu Lehendakaria izan zuen mahaiburu atzo arratsaldean Lehendakaritzaren egoitzan burutu zen Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bilerak. Institutuaren kudeaketarekin lotutako hainbat gairen berri ematearekin batera, 2019. urtean gauzatutako jarduerak azaldu eta 2020. urteko lan-ildo eta erronka nagusien berri eman du bertan Institutuko zuzendari Irene Larrazak.
Lehendakariaren eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuaren agurraren ostean eta aurreko bilerako akta ezagutzera eman eta gero, Institutuko zuzendariak Patronatuko kideei 2019. urteko kontuak eta kudeaketa txostena aurkeztu dizkie. Horrekin batera, 2020. urteko aurrekontuen berri ere eman die: 3,06 milioi eurokoa da.
Iazko ekintzen laburpena egin du bileraren lehen zatian. 2019. urtea garrantzitsua izan da Etxepare Euskal Institutuarentzat egitasmo mailan, Larrazak hala adierazi duenez. Ekimen bat azpimarratzekotan, Scotland Goes Basque egitasmoa aipatu beharko litzateke, zeinak 2019 ia osoa hartu baitzuen, institutuaren helburuetan arrakasta lortuz. “Scotland Goes Basque egitasmoari esker garbi gelditu da munduko puntako jaialdietan gure sortzaileen maila eztabaidaezina dela eta euskal kulturak munduko beste kulturekin batera buruz-buru aritzeko gaitasuna duela”, adierazi du Larrazak. Horrez gain, estrategia horretan hurrengo jomuga izango zen Quebeceko lurraldearekin lehen kontaktuak egin zituen Institutuak 2019an, bertako hainbat kultur eragilez eta instituzioetako ordezkariz osatutako delegaritza bat euskal hiriburuetara gonbidatuz. Gonbidapen horren helburua, Quebecen egingo zen kultur denboraldiaren joan-etorriko izaera ziurtatzea zen.
Euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzaren planoan ere aurrerapausoak izan dira 2019an. Batetik, unibertsitateei dagokionez, irakurletza postu berri bat sortu da Pragako Karlova Unibertsitatean; eta Amale Artetxe Katedra sortu da Argentinan, CONICET erakundearekin elkarlanean. Halaber, Euskal Etxeetan euskara eskolak kudeatzeaz arduratzen den Euskara Munduan programaren bitartez, lehenbiziko aldiz egin da egiaztatze proba Argentinan, B1 eta B2 mailako ikasleentzat. Proba horrek, gainera, %77ko gainditze tasa bikaina izan zuen.
2019ko laburpenarekin amaitzeko, zeharkako lan-ildo batzuk ere aipatu ditu Larrazak: euskara maila saritzen duen Bikain ziurtagiria eskuratzea, berdintasun planaren sorrera eta euskara planen jarraipena, Basque. markaren aplikazioaren jarraipena edota Etxepare Euskal Institutuaren irudi korporatiboa berritzea izan dira horietako batzuk.
2020aren oztopoak gaindituz
Ostera, 2020ko aurrekontua aurkeztu eta aurtengo egitasmo eta erronken berri ematera igaro da Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria. Laburpen honen puntu nagusia COVID-19ak eragindako aldaketak eta horien aurrean Institutuak hartutako erabakiak azaltzea izan da. Funtsean, “zerbitzua moldatzea eta ‘berdin’ eskaintzea, irakaskuntza eta formakuntza programak mantentzea, atzeratu diren kultur jarduerak egiteko konpromisoak hitzartutako baldintzetan egingo direla bermatzea, eta egingarri diren lanetan aurreratzeko probestea” izan dira hilabeteotako helburu nagusiak, bere hitzetan. Oztopoak oztopo, Institutuak egoera zail honi aurre egitea lortu duela adierazi du Larrazak. Horren adibide dira, esaterako, euskararen irakaskuntzan online modalitaterako egokitzapenean lortutako arrakasta, Aurten Bai eta Euskara Munduan programen online barnetegiak tarteko; edota kulturaren zabalkunderako diru-laguntza deialdiak egingarriak izan zitezen kultur sektoreekin adostutako premiazko neurriak.
Kulturaren sustapenaren arloan abian dauden bi egitasmo ere nabarmendu zituen: euskal literatura nazioartean zabaltzen laguntzeko egitasmo berria, eta Zabal egitasmoaren jarraipena.
Urtearen errepasoarekin amaitzeko, barne-kudeaketan egindako beste hainbat aurrerapauso zerrendatu ditu Larrazak: CRM kudeaketa sistema berriaren lanketa eta inplementazioa, ‘Euskal Kultura’ liburuxka sorta berrargitaratzea, webgune berriaren eraketa prozesua edota Etxepare Euskal Institutuaren 10. urteurrena antolatzea, besteak beste.
Ideia honekin eman dio amaiera Larrazak Patronatuaren bilerari: “Globalizazio garai honetan, gu bezalako Institutuak globalkeriaren aurkako tresna garrantzitsua gara, gure kultura eta hizkuntzaren bitartez elkar ulertzeko baliagarriak garelako”.