2019a zifratan: Arte eszenikoak

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-02

Etxepare Euskal Institutuan, urterik urte dihardugu euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzen; eta horretarako hainbat tresna erabiltzen ditugu. 2019an, esaterako, 832 jarduera babestu ditugu orotara mugikortasunerako dirulaguntzen bitartez; horien artean daude arte eszenikoetako hainbat emanaldi.

Etxepare Euskal Institutuak, euskal arte eszenikoek munduan duten ikusgarritasuna handitzeko asmoz, Euskal Herriko dantza eta antzerki ekoizpenen nazioarteko mugikortasuna sustatzen du. Horretarako dirulaguntzak bideratzen ditu, bertako eta atzerriko erakundeekin elkarlana bilatzen du, eta mundu mailako programazioetan euskal leihoak sortzen ditu, besteak beste.

Euskal Herrian arte eszenikoen esparruan egiten diren proposamenak euskararen eremu geografikotik kanpo erakustea da Etxepare Euskal Institutuaren helbururik behinenetako bat. Horretarako, jaialdi eta zentro ezberdinekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euren programazioetan euskal dantza eta antzerki konpainiek euren lanak erakuts ditzaten. 2019an zehar, esaterako, arte eszenikoetako 7 euskal leiho egin dira: Kukai Dantzak denboralditxoa egin zuen Madrilgo Teatro Fernán Gómez antzokian; Brasiliako Funarte jaialdian Cielo Raso konpainiak antzeztu zuen; Poloniako Kontrapunkt jaialdian Kukai Dantza aritu zen; Tenerifeko Mapas jaialdian Marie de Jongh konpainia; Libourneko Fest’Arts-en hitzordua izan zuten Ertza eta Deabru Beltzak konpainiek; Manresako Fira Mediterrànian, Gaizca Project taldeak; eta Kolonbiako Festival Internacional de Teatro de Manizales jaialdian, azkenik, Kulunka Teatro konpainiak.

Horrez gain, Institutuak mugikortasunerako dirulaguntzak banatu zituen 2019an, hainbat konpainiak euskal eremutik at bira eta denboraldiak egin zitzaten. Antzerkiaren eremuan, 130.000 euroko zuzkidura banatu zuen 36 konpainiaren artean; horietatik 12k jatorrizko hizkuntza euskara zuten. Bira eta emanaldi horien gehiengoa (17) espainiar estatu mailan egin ziren; 15 Europa mailan eta bat Ipar Amerikan. Dantzaren eremuan, bestalde, 45.000 euroko zuzkidura banatu zen 11 konpainiaren artean; horietatik zortzi espainiar estatu mailan egin ziren, bost frantziar estatu mailan, lau Hego Amerikan, bat Asia eta Ozeanian eta beste bat Afrikan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu