2019a zifratan: Literatura eta Itzulpengintza
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuan, urtetik urtera euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzen jarraitzen dugu; eta horretarako hainbat tresna erabiltzen ditugu. 2019an, esaterako, 832 jarduera babestu ditugu orotara mugikortasunerako dirulaguntzen bitartez, eta lagundutako diziplinetako bat Literatura eta Itzulpengintza izan da.
Euskal literaturaren sorkuntza oparoa eta heterogeneoa da, eta hori ezagutzera emateko, euskal idazleen eta hauen lanen zabalkundea sustatzen du Institutuak urtero. Helburu horrekin egitasmo zehatzak burutzen ditugu; hala nola, euskal leihoak nazioarteko azoka eta jaialdietan, mugikortasunerako dirulaguntzak, edota literatura lanen itzulpenak sustatzeko jarduerak, besteak beste.
Euskal literaturari nazioartean ikusgarritasuna emateko, euskal idazleen partehartzea sustatzen du Etxepare Euskal Institutuak mundu osoko literatura jaialdi eta programazioetan. Aurten 11 jaialditan izan dira gure idazleak; tartean Indiako Kerala Literature Festival-en (Harkaitz Cano), Queretaroko Hay Festival-en (Leire Bilbao) edota Wroclawko International Short Story Festival-en (Ana Malagón). Horrez gain, Institutuak urtero bidaia-poltsak ematen dizkie euskal idazle, ilustratzaile, itzultzaile eta editoreei liburu aurkezpen, hitzaldi edo antzeko ekimenen bidez nazioarteko ekitaldietan parte har dezaten. 2019an 16 dirulaguntza eman dira guztira; 7.288 €ko kopuruarekin.
Halaber, Institutuak euskal literatura lanen itzulpenak sustatzen ditu, bertako sormena nazioartean ezagutzera emateko zubi bikainak direla ulertuta. Helburu horrekin, alde batetik, itzulpengintza sustatzeko jarduerak antolatzen ditu nazioartean; 2019an horietako sei ekintza egin dira. Bestetik, itzulpengintzarako dirulaguntzak ere eskaintzen ditu: iaz 14 eskaini zituen (horietatik 13k jatorrizko hizkuntza euskara zuten), 33.346 €ko kopurua banatuz guztira. Amaitzeko, Institutuak euskaratik itzultzen diren obrak, itzultzaileak eurak eta liburu horiek argitaratzen dituzten editoreak goraipatu asmoz sari bat banatzen du urtero, LABORAL kutxarekin batera: Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza saria. 2019an Ainara Muntek eta Pol·len argitaletxeak irabazi zuten, Sarrionandiaren Hilda dago poesia? katalanera itzultzeagatik.