948 Merkatua egingo da Iruñean
Euskara. Kultura. Mundura.
Aurten bigarren aldiz egingo da 948 Merkatua Iruñean, azaroaren 21etik 23ra bitarte. Nafarroako arteen merkatua den honetara, Nafarroako profesional eta artistez gain, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Akitania Berria eskualdekoak ere gonbidatu dituzte beste behin. Izan ere, hiru eremuek osatzen duten Akitainia Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeko kultur merkatu estrategikoa bihurtzeko asmoa du azoka honek.

948 Merkatuaren jarduera bi programazio-multzotan banatzen da. Batetik, 948 Merkatua PRO, goizero Baluarten egingo diren profesionalei zuzendutako jarduera guztiak barne hartzen dituena: erakustokiak, hitzaldiak, tailerrak, proiektuen aurkezpenak, etab. Bestetik, 948 Merkatu Artistikoa, hiriko hainbat aretotan artista ezberdinek eskainiko dituzten emanaldiez osatua. Hauek, sektoreko profesionalei ez ezik, publiko orokorrari ere zabalik egongo dira.
Euroeskualdearen parte-hartzea dela eta, Etxepare Euskal Institutuak hainbat jarduera sustatuko ditu 948 Merkatuan. Batetik, Akitania Berriko kultur programatzaile eta ordezkarien presentzia bermatuko du PRO merkatuan euskal sortzaileen lanak ikusteko aukera izan dezaten. Bestetik, azaroaren 21ean, 18:30etan Baluarten, Projection Basque mugaz gaindiko elkarlan artistikoan oinarritutako proiektuaren Partir/Utzi ikuskizunaren showcase-a ikusi ahal izango da. Ostera, azaroaren 22an, osteguna, 10:00etan Pantxoa Etchegoinek (Euskal Kultur Erakundea, EKE) eta Imanol Otaegik (Etxepare Euskal Institutua) hitzaldi bat emango dute, Etxepare Institutuak, EKEk eta Vianako Printzea Erakundeak euskal kultura Akitanian zabaltzeko eta mugaz gaindiko lankidetza kulturala sustatzeko sortutako Aquitaine.eus proiektua azaltzeko.
Horrez gain, merkatuak iraungo duen hiru egunetan, Euroeskualdeak stand bat izango du Baluarten, eta bertan Aquitaine.eus proiektuaren informazioa emango dute Etxepare Institutuak, EKE eta Nafarroako Vianako Printzea erakundeek. Azkenik, azaroaren 23an, 9:30etan, Euroeskualdeak antolatuta, EAE, Nafarroa eta Akitania Berriko Kultura eta Sormen Industrietako eragileen bilera egingo da, Euroeskualde mailako proiektu kulturalak aztertzeko, eta bertan Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek ere hartuko dute parte.