Etxepare Euskal Institutuak Europako kulturen arteko elkarrizketarekin bat egingo du MONDIACULT 2025en
2025/09/29
EUNICen Bartzelonako klusterrak antolatutako kultur institutuen topaketan hartuko du parte, nazioarteko kultur lankidetzarekin eta hizkuntza-aniztasunarekin duen konpromisoa foro globaletan ere berretsiz.
Euskara. Kultura. Mundura.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Bartzelonako EUNICek, Europako kultur institutuen klusterrak, Europako eta munduko institutuen arteko kultur elkarrizketa eta nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuarekin antolatutako jardunaldi batean parte hartuko du irailaren 30ean.
Topaketa Ágora Cívica programaren baitan egingo da, kulturak gizarte garaikideen eraikuntzan duen zeregina kolektiboki pentsatzeko, esperientziak eta hausnarketak partekatzeko eta eztabaidatzeko gunea. Halaber, UNESCOk sustatzen duen MONDIACULT 2025 gobernu-arteko konferentziaren testuinguruan burutuko da jarduera.
Ekitaldia Institut d ´Estudis Catalans erakundearen egoitzan izango da eta erakunde kultural, akademiko eta politikoetako ordezkariak bilduko dira, kulturaren erronka berriei buruz eta hizkuntzek eta kulturen arteko ulermenak gaur egungo munduan duten eginkizunari buruz hausnartzeko.
Jardunaldiaren baitan bi mahai-inguru egingo dira. Lehenengoak, ‘Erronka berriak atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan AIren aroan’, adimen artifizialean oinarritutako teknologiek hizkuntzen ikaskuntzan eta haien inplikazio etiko, kultural eta pedagogikoetan duten inpaktua izango du eztabaida gai. Pere Almeda Ramon Institut Ramon Llull-eko zuzendariak moderatuko du, eta Nicky Hockly The Consultants-E enpresako Pedagogia zuzendariak eta Ares Llop Naya hizkuntzalari eta Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) irakasleek hitzaldi bana emango dute.
Eguerdian izango da bigarren mahaingurua ‘Kulturen arteko elkarrizketa eta kultur institutuen papera gatazkan dagoen munduan’. Saio honetan, kultura kohesiorako, garapen jasangarrirako eta bakea eraikitzeko tresna gisa sustatzeko kultura-institutuek duten zeregina aztertuko da, bereziki testuinguru konplexuetan edo tentsio soziopolitikoek markatutako testuinguruetan. Kirsten van den Hul EUNICeko presidenteak moderatuko du, eta Nikita Dhawan Dresdengo Unibertsitate Teknikoko Teoria Politiko eta Ideien Historiako katedradunaren eta Volodymyr Sheiko Ukrainiar Institutuko zuzendari nagusiaren hitzartzeak egongo dira.
Irene Larraza nazioarteko foro honetan egoteak Etxepare Euskal Institutuak euskara eta kulturaren kanpo proiekzioarekin duen konpromisoa islatzen du, baita nazioarteko kultur sareetan duen inplikazio aktiboa ere. Topaketa honetan parte hartuz, hizkuntza gutxituek eta identitate kultural ez-hegemonikoek aniztasunari, jasangarritasunari eta lankidetzari buruzko egungo eztabaida globalean duten papera azpimarratzen du Etxeparek.
EUNIC Barcelonak antolatutako jardunaldi hau, gainera, Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunen barruan kokatzen da, Europa osoan hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko helburuarekin Europako Kontseiluak ezarritako eguna.
Euskadi, MONDIACULT 2025en
Etxepare Euskal Institutuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere hartuko du parte irailaren 29tik urriaren 1era Bartzelonan egingo den MONDIACULT 2025ean, Kultur Politikei eta Garapen Jasangarriari buruzko UNESCOren Munduko Konferentzian.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izango da euskal ordezkaritzaren buru eta ‘Why We Need a Culture Goal Now’ nazioarteko osoko bilkuran parte hartuko du irailaren 27an. Bertan, 2030aren ondorengo nazioarteko agendan kultura Garapen Jasangarriko Helburu gisa sartzea defendatuko du, eta 18. helburua izenekoa aurkeztuko du. Helburu hau Eusko Jaurlaritzak kultura- eta hizkuntza-aniztasunari eskainitako ekimen aitzindaria da, UN Etxearekin, gizarte-eragileekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean egina.
Bestalde, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak kultur eskubideen inguruko lege-esparruei buruzko bilkuran hartuko du parte, irailaren 26an, Kanarietako, Kataluniako eta Nafarroako ordezkariekin batera.
Gainera, Euskadik ‘Culture in the Global Agenda: Localization, Diversity, Community’ izeneko ekitaldi paralelo ofiziala izango du, Eusko Jaurlaritzak eta UN Etxeak antolatuta. Topaketa honek 2030 Agendaren tokiko kokapenari helduko dio kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik, eta nazioarteko erreferentziazko ahotsak izango ditu, hala nola Galesko, Hawaiiko eta Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioko ordezkariak.
MONDIACULT 2025 programan parte hartuta, Euskadik bere kanpo-proiekzioa indartu nahi du, eta politika publikoetan kultura eta identitatea funtsezko elementutzat hartzen dituen bere giza garapen jasangarriko eredua partekatu. Kultura, kohesioaren, ekitatearen eta jasangarritasunaren eragile gisa ulertuta, etorkizuneko eztabaida globaletan funtsezko ardatz gisa aurkeztuko du kultura.
MONDIACULT 2025: mundu osoko kulturarentzat hitzordu garrantzitsua
UNESCOk antolatuta, MONDIACULT 2025ek ehunetik gora kultura-arduradun, nazioarteko erakunde eta kultura-arloko eragile lduko ditu Bartzelonan, kulturaren agenda globala eguneratzeko. Topaketa honen bigarren edizioa da, 2022ko mugarriaren ondoren, non kultura "munduko ondasun publiko" gisa aitortu zen.
Konferentziak iraungo dituen hiru egunetan zehar, kultur sektorearen joerak, erronkak eta aukerak eztabaidatuko dira, eta Kultura Politikei buruzko Munduko Txostena aurkeztuko da lehen aldiz. Bertan, kulturak garapenaren dimentsio guztietan nola eragiten duen ebaluatuko da.