MIN sarietako hautagaiei botoa emateko epea zabaldu dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-02

Zabaldu dute Musika Independientearen MIN sarietako hautagaiak bozkatzeko epea. Martxoaren 15era arte bozkatu ahalko du entzulegoak, eta ondoren jakinaraziko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak. Ondoren, adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu, eta sari banaketa apirilaren 27an egingo da, Iruñean.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira Eneritz Furyak, Amak, Bulego, Chill Mafia, Estitxu, Ezpalak, Gaur, Huntza, Idoia, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta Lagunak, Maite Larburu, Lur Jota, Lukiek, Liher, Laukatu, Olatz Salvador eta Txiki Handia Zara. Hauek, gainera, beste kategoeria ugaritarako ere badira hautagaiak.

Horietan lehiatuko dira, baita ere, euskal jatorriko beste hainbat artista: Anne Lukin, Ben Yart, Chica Sobresalto, Iñaki Alberdi, Iñaki Palacios & The Gaels, Kai Nakai, Eneko Diaz, Najwa, Mikel Gil, Maren, Maite Iriarte, Korrontzi, Kokoschka, Kilimak, Intza, Omago, Pamplona Jazz Orchestra, Ruper Ordorika, Tributo Pedro Iturralde eta Zetak, besteak beste.

Kategoriak asko dira; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…). Etxepare Euskal Institutuak Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria babestuko du beste behin.

Bozketa prozesuan, entzule bakoitzak kategoria bakoitzeko bost artista bozkatu ahal izango ditu, eta soilik bozka bat eman ahalko du bakoitzean. Publikoak kategoria guztietan du zeresana, hirutan izan ezik: ‘Disko Onena’ epaimahaiak hautatuko duen zuzenean; ‘Diseinu Onena’ diziplinakoan ere adituek egingo dute hautaketa; eta ‘Mario Pacheco Ohorezko saria’ UFI-ko kideek emango dute.

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu