MUNTREF Centro de Arte Contemporáneo: Rakel Gomez Vazquez
Euskara. Kultura. Mundura.
-
26Mar 202230Api 2022Buenos Aires
Martxoaren 26an ateak irekiko ditu Rakel Gomez Vazquez euskal artistaren erakusketak Buenos Airesko MUNTREF Centro de Arte Contemporáneo espazioko Sede Hotel de Inmigrantes-en. Apirilaren 30era arte egongo da ikusgai ‘AgurBerriz’ proiektua oinarri hartuta garatu duen ‘Piedra rima con hiedra, mármol rima con árbol’ erakusketa, eta artista bera ere Buenos Airesen izango da martxoan. Etxepare Euskal Institutuaren eta Bitamine Faktoria elkartearen arteko lankidetza hitzarmenaren ondorio da erakusketa hau, euskal artistak nazioartekotzeko sortua.
Bitamine Faktoriaren Euskal Arte Garaikidea Nazioartekotzeko EAS-EZE programak nazioartekotzea sustatzen du Buenos Airesen erakusketak eta masterclass zein beste sortzaile batzuekin elkarrizketak antolatuz. Aurtengoan, erakusketaz gain, Gomezek masterclass-a emateko aukera izango du Universidad Nacional de Tres de Febrero-n. Ingurugiro krisiaren eta sinboloen baliotasunaren arteko loturari buruzko eztabaida hilaren 23an izango da, 17:00etan. Neokolonialismo eta kultur extraktibismo garaian identitatea zaintzeko arazoen inguruan ariko dira.
‘Piedra rima con hiedra, mármol rima con árbol’ erakusketak Buenos Airesko Kristobal Kolonen estatua kendu eta Juana Azurduyrenarekin ordezkatzearen garaiko kointzidentzia aztertzen du, hausnartuz palmondoek izandako infekzioen inguruan, zuhaitzen desagertzea ekarri zutena. Monumentuen kontakizuna aztertzen du, organismo bizidunak eta sinbolikoki kolonialak direnei ere arreta jarriz. Espezie anitzeko memoria ariketa bat -asmo sozial ekologista batekin- ingurumen krisia kolonialismotik eratorritako injustizia sozialarekin lotzen duena.
Rakel Gómez Vázquez artista eta ikertzaileak paisaia eraikuntza kultural gisa aztertu ohi du, memoriaren eta nortasunaren problematika politiko-sozialak irudikatuz horrela.