AIEnRuta 2023: Neomak, Airu eta Kulto Kultibo hautatuak
Euskara. Kultura. Mundura.
Neomak, Airu eta Kulto Kultibo euskal taldeak AIEnRuta musika zirkuitoan aritzeko hautatuak izan, eta hainbat kontzertu eskainiko dituzte 2023ko lehen sei hilekoan zehar. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza jasotzen duen programa honen bidez, AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de Música) zuzeneko musika estatu mailan, kontzertu aretoekin lankidetzan.
AIEnRuta programaren edizio bakoitzak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratu ditu taldeak.
Lehenengo hautaketa honetan, hamasei talde eta bakarlari egongo dira guztira, horien artean, aipatutako hiru euskal taldeak. Bakoitzak AIEren laguntza ekonomikoa jasoko duten lau kontzertu izango dituzte. Horrez gain, komunikazio-plan bat izango dute hainbat hedabide espezializatutan, eta Radio 3 irratiko hiru programatan ere agertuko dira.
Neomak taldeak 7 emakumeren ahotsak biltzen ditu, sorginkeriaz betetako doinuak, pandero eta dantzak. Tradiziotik edaten duen proposamena, baina irakurketa moderno eta taularatze berritzailean. Txikitandik musikan jardun duten zazpi emakume, aurrez Kepa Junkerarekin “sorginak” izenpean jardunak, orain proiektu berrian.
Airu berriz Bilboko talde gazte bat da. Leloak maite dituzte, eta ´Do It for the Catharsis´ bigarren EPa argitaratu berri dute. Bihotza lapurtzeko asmoa dute beren pop sentimental, malenkoniatsu eta melodiaz kargatuarekin.
Azkenik, Kulto Kultibo gaztelaniaz kantatzen duen rap/reggae taldea da, raggamuffin gaurkotua eta 90. hamarkadako rap klasiko eta solidoa konbinatzen dituena.
AIEnRuta programa publikoari talentu berria hurbiltzeagatik karakterizatu da. Gaur egun publiko orokorrarentzat ezagunak diren hainbat talde edo bakarlari pasa dira zirkuitotik, hala nola, Anita Parker, Ekiza, La Furia, Nøgen, Verde Prato edota Ezpalak, besteak beste.