AIR Wro Talks jardunaldiak Wroclaw-en: hirietako kulturaren sustapena hizpide
Euskara. Kultura. Mundura.
Martxoaren 28 eta 29an AIR Wro Talks jardunaldien laugarren edizioa egingo da Poloniako Wroclaw hirian. Jardunaldi hauek kultura, artea eta hezkuntza dute hizpide, eta bertan Europa osoko adituak elkartu ohi dira hitzaldi eta jardueretan parte hartzeko. Etxepare euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza mahai-inguru bateko partaide izango da.
Martxoaren 28 eta 29an AIR Wro Talks jardunaldien laugarren edizioa egingo da Poloniako Wroclaw hirian. Jardunaldi hauek kultura, artea eta hezkuntza dute hizpide, eta bertan Europa osoko adituak elkartu ohi dira hitzaldi eta jardueretan parte hartzeko. Etxepare euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza mahai-inguru bateko partaide izango da.
Bi eguneko ekintza-programa honek hiri europar garaikideetan kultura eta artearen sarbidea erraztea eta hirien arteko lan harremanak bultzatzea ditu helburu. Bi egunetan, goizeko 9etan hasi eta gauera arte iraungo du programazioak, jarduera artistiko banarekin amaituz: 28an Piotr Damasiewicz bakarlariaren kontzertu batez gozatzeko aukera izango da, eta 29an, berriz, Dominika Kulczyńska ikusizko artistaren “Migratory Species” erakusketaz.
Martxoaren 28ko programazioaren baitan, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak mahai-inguru batean hartuko du parte. Who Promotes Greenland? The Role and Tasks of National Institutes of Culture in the 21st Century (Nork sustatzen du Groenlandia? XXI mendeko Kultur Institutu Nazionalen rola eta eginkizunak) du izena arratsaldeko 17:00etan egingo den jarduerak, eta bertan, Larrazaz gain, beste bi Kultur Erakundeetako ordezkarik hartuko dute hitza: Danimarkako Kultur Institutuko Joanna Tamborska zuzendariak eta Varsoviako Kultur Foro austriarreko zuzendari Rupert Weinmann-ek.
Mahai-inguru horretan jorratuko diren gaien artean, lehenik, erakunde bakoitzaren eginkizunaren aurkezpen labur bat egingo du partaide bakoitzak; ostera, XXI mendean erakunde horien papera zein den edo izan beharko lukeen eztabaidatuko dute; horrez gain, Europako eskualde eta nazio txikien kulturak nola sustatzen diren aztertuko dute; eta, azkenik, Groenlandiaren kasuan zentratuko dira: Europaren muga kontinentaletik at dagoen herrialdea izaki, bere eta bera bezalako herrialde eta eskualdeen sustapena nola egiten den aztertuko dute. Karolina Bieniek, Art Transparent – Contemporary Art Foundation erakundeko zuzendaria mahai ingurua gidatzeaz arduratuko da.