"Altzoko Handia" haurrentzako txotxongilo opera, Mexikon ikusgai
2017/08/16
Euskara. Kultura. Mundura.
“Altzoko Handia” haurrentzako txotxongilo opera Mexikon ikusi ahal izango da, UNAM unibertsitatean antolatu duten IMPULSO jaialdiaren baitan. Abuztuaren 19tik irailaren 24ra izango da unibertsitateko Teatro Juan Ruiz de Alarcón antzokian, gazteen produkzio eszenikoa sustatzeko helburua duen jaialdian.

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren produkzio hau, Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarekin elkarlanean sortu zena, gaztelaniazko bertsioan eskainiko dute, Mexikoko ikuslegoari zuzenduta. Topic-eko zuzendari Idoya Otegi eta David Azurza operako musikagilea bertan izango dira estreinaldian, obra aurkezten Etxepare Euskal Institutuaren babesaz.
Txotxongiloak, haurren korua, bakarlariak eta instrumentisten talde txiki bat biltzen dituen haurrentzako opera hau abesbatzarako musikan eta euskal ahozko narratiban dago oinarrituta. Hala, obraren abiapuntua nola narrazioaren ildoa Gipuzkoako Migel Joakin Eleizegi Arteaga Altzoko Haundia (1818 – 1861) pertsonaia mitikoaren bizitza eta ibilerak dira. Bakartasuna, desberdinarenganako errespetua, haren esplotaziorik eza, naturarenganako maitasuna, xalotasuna, prestutasuna eta adeitasuna iradokitzen dituzte pertsonaia desberdin baina gizatasun beteko horren bizimodua jorratu duten poesiak eta musikak.