Anari eta Vulk taldeak Monkey Week jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Monkey Week jaialdiak Sevillako kale eta aretoak hartuko ditu azaroaren 22tik 24ra bitarte; eta, aurten ere, euskal musikak lekua izango du bertan. Basque Music, euskal musika mugetatik at zabaltzeko plataformaren bitartez, Anari eta Vulk taldeek zuzeneko bina kontzertu eskainiko dituzte Andaluziako hirian.
Monkey Week jaialdiak Sevillako kale eta aretoak hartuko ditu azaroaren 22tik 24ra bitarte; eta, aurten ere, euskal musikak lekua izango du bertan. Basque Music, euskal musika mugetatik at zabaltzeko plataformaren bitartez, Anari eta Vulk taldeek zuzeneko bina kontzertu eskainiko dituzte Andaluziako hirian.
Vulk Bilboko taldeak azaroaren 23an, ostirala, eskainiko du lehen emanaldia, 17:30ean, Jägermusic agertokian. Hurrengo egunean, 19:15ean, Santa Clara agertokian joko du berriz.Taldeak bigarren lana aurkeztu zuen aurtengo maiatzean: Ground For Dogs. Lan honekin, beste urrats bat egin du arrisku eta irudimen musikalaren arloan, Beat Kamerlanden izeneko lehen diskoaren ondoren. Postpunk genero finituaren mugak zabaldu ditu, eta eremu progresibo eta atmosferikoetara eraman du bere estiloa.
Anarik ere Santa Claran eskainiko du bere lehen saioa hilaren 24an, larunbata, 18:00etan. Bigarrena, ostera, Fun Clubeko AIE agertokian eskainiko du egun horretan bertan, 22:00etan. Anari Alberdik, musikan egindako 20 urtetik gorako ibilbidea saritzen duen Adarra Saria jaso du berriki. Gaur egun bere banda Mikel Txopeitiak, Xabier Olazabal Drakek, Ander Mujikak eta Mariano Hurtadok osatzen dute. Monkey Week aukera ona izango da taldearen azken diskoak entzuteko: Zure aurrekari penalak eta, berriena, Epilogo bat.
Nolanahi ere, Anari eta Vulk ez dira izango euskal musikaren enbaxadore bakarrak Sevillan. Hamargarren edizio honetan, honako hauek ere daude berretsita: Exnovios (hilaren 23a, ostirala, 00:30. X aretoa); Pet Fennec (hilaren 24a, larunbata, 20:45. Fun Club / AIE agertokia); Melenas (hilaren 24a, 21:45. Vinilo Rock Bar / Festival Marvin CDMX agertokia); eta Mazmorra (hilaren 24a, larunbata, 01:30. Holiday by Obbio diskoteka).
Basque Music standa
Kontzertuez eta jardunaldi profesionalez gain, Monkey Week jaialdiak gune bat eskainiko du enpresen arteko komunikazioa sustatzeko, negozio-ildoak bultzatzeko eta Monkey Market deituraren bidez musika-sektore independenteko agenteen arteko sinergia sustatzeko. Gune horretan, Basque Music plataformak stand bat jarriko du Euskal Herriko musikari lotutako sektoreei buruzko informazioa eskaintzeko.