Anima Zaitez! kultur trukerako programan parte hartzeko deialdia zabalik dago
Euskara. Kultura. Mundura.
Villa Mariako Euzko Etxeak (Cordoba, Argentina) Anima zaitez! kultur trukerako programaren 6. ediziorako deialdia zabaldu du. Deialdia Euskal Herriko 21 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratuta eta, era berean, Euskal Etxeko familiei gonbidapena luzatzen die ekimenari babesa eman eta hautatutako gazte euskaldun horietako batzuen anfitrioi izateko deia zabaldu dute. Aurtengo edizioa uztailaren 14tik 31ra garatuko da. Eskabideak maiatzaren 12ra arte egin ahal izango dira.
Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko eta euskal kultura Argentinan zabaldu eta ezagutarazteko aukera emateko helburua du. Hamabost eguneko egonaldian, Euskal Etxeko familiek eskainiko dute ostatua, eta otorduak familien eta Euskal Etxearen esku egongo dira. Programarekin zerikusia duten gastuez Euskal Etxea arduratuko da (materialak, etab.). Urte hauetan proiektua Euskal Etxean bertan burutu da (Villa Marian, Cordoban), baina aurten egitasmoa herriko kaleetara ere eramateko asmoa dute.
Programan parte hartzeko honako baldintza hauek bete behar dira:
- Euskaldunak izatea, 21 eta 30 urte bitartekoak, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egitea eta gutxienez hauetatik bi arlotan ezagutzak izatea: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza eta euskal musika.
- Ez da beharrezkoa inolako diplomarik edukitzea, ezinbestekoa dena ezagutza horiek zabaltzeko gogoa da.
- Parte hartzaileek aipatutako datetan Argentinara etortzeko aukera izan behar dute. Interesatuen esku egongo dira bidaia gastuak.
- Euskal Herrira itzultzean, egindako jarduera eta programa zabaltzeko laguntza emateko konpromisoa.
Deialdian izena emateko, interesatuek galdetegi hau bete beharko dute eta euskal kultura oinarri hartuta, bertara eramateko proposamen kulturala bidali beharko dute, bideo formatuan edo idatziz.
Euskara Munduan
Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin.
Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena.
2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta euskara eta euskal kultura sustatzeko hainbat ekitaldi eta eginkizun garatzen ditu urtero.