ARCO azokaren 39. edizioa: Carreras Múgica

Euskara. Kultura. Mundura.

ARCO 2020: Carreras Múgica
  • 26
    Ots 2020
    01
    Mar 2020
    Madril

Otsailaren 26ean bueltan izango da Madrilgo arte garaikidearen nazioarteko ARCO azoka. Aurten ere, euskal galeria bakarra izango da bertan, Bilboko Carreras Múgica hain zuzen; baina beste galeria batzuetan ere egongo da euskal artisten obrak ikusteko aukerarik.

Hirugarren urtez jarraian, ARCOra joango den euskal galeria bakarra izango da Bilboko Carreras Mugica. Arte garaikidea jorratzen duen galeria honek, nazioarteko artisten obrak Espainiako Estatuan zehar zabaltzeaz gain, euskal artista berriei ere bidea ireki eta sustapena egiten die. Aurten azokan jarriko duen erakustokian artista hauen lanak –gehiengoa euskaldunak – aurkeztuko ditu galeriak: Ángel Bados, Eduardo Chillida, June Crespo, Ángels de la Cruz, Raúl Domínguez, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Juan Pérez Agirregoikoa eta Richard Serra.

Horrez gain, mundu mailako beste hainbat galeriek euskal artisten obra batzuk erakutsiko dituzte. Horien artean daude, adibidez, Esther Ferrer donostiarra, zeinaren obrak 1 Mira Madrid edota àngels barcelona galerietan ikusi ahal izango diren; edo Alain Urrutia margolari bilbotarraren obrak, Casado Santapau galerian, besteak beste.

Halaber, Hauser & Wirth galeria suitzarrak Eduardo Chillida eskultoreari buruzko stand monografikoa antolatuko du Madrilgo azokan. Euren hitzetan, artistaten “ikuspegi monumental eta era berean intimoa” eskaintzeko asmoa du monografiko honek. Bere obra “esanguratsu eta monolitiko batek” eta hainbat grabatu eta serigrafiak osatuko dute artista donostiarraren espazio hori.

Aurtengo ARCO azokak, 209 galeriatako 2.000 artistaren obrak erakutsiko ditu, eta Maribel Lopez izango du estreinakoz zuzendari. Aurreko urteetan ez bezala, aurtengoak ez du izango herrialde gonbidaturik. ‘It’s just a matter of time’ (‘Denbora kontua da, besterik ez’) izango du izenburu edizio honek, eta Félix González-Torres artista kubatar-amerikarraren obran izango du inspirazioa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu