Atzerrian ere sustatuko du Euskaraldia Etxepare Institutuak

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-05

Etxepare Euskal Institutuak erakunde sustatzaile gisa hartuko du parte Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialean. Euskal eremu geografikotik harago nazioarteko irakurletza sarean eta Euskal Etxeetan ere zabaldu nahi du ariketa kolektibo hau tokian tokiko egoerara egokituz munduan zehar euskara ikasten dutenen euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik harago eramateko.

Etxepare Euskal Institutuak erakunde sustatzaile gisa hartuko du parte Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialean. Euskal eremu geografikotik harago nazioarteko irakurletza sarean eta Euskal Etxeetan ere zabaldu nahi du ariketa kolektibo hau tokian tokiko egoerara egokituz munduan zehar euskara ikasten dutenen euskararen erabilera indartzeko eta ikasgeletatik harago eramateko.

Ekimena atzerrian ere sustatzeko hainbat hamaikako bultzatuko ditu Institutuak eta dagoeneko bi osatu ditu. Bata Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurleen Hamaikakoa. Bigarrena, Hego Amerikako Hamaikakoa.

Beraien funtzioa Etxepare Euskal Institutuko irakurletza sarean eta Euskal Etxeen sarean ekimenaren enbaxadore izatea, beren eremuetan ikasleei, lankideei, eta unibertsitateko edota Euskal Etxeko kideei ekimenaren berri ematea, azaroaren 23tik abenduaren 3 arte erabilera bultzatzeko ekintzak antolatzea eta ikasleak aktibatzea izango da.

Hauexek dira Etxepare Euskal Institutuko Euskara eta Euskal Kultura Irakurleen hamaikakoa osatzen duten lagunak. Europa eta Ameriketako unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura klaseak ematen dituzten 11 irakurlek osatzen dute.

  • Aitor Arruza (Varsoviako Unibertsitatea)
  • Mireia Orbegozo (Universidad Católica de Chile eta Universidad de Chile)
  • Denis Almandoz (Brnoko Masaryk Unibertsitatea)
  • Xabier Azpillaga (Moscu-ko Lomonosov Unibertsitatea)
  • Maia Ossa (Helsinkiko Unibertsitatea)
  • Amaia Orbe (Berlingo Freie Unibertsitatea)
  • Iñaki Alfaro (Boloniako Unibertsitatea eta Venezia Foscari Unibertsitatea)
  • Estitxu Irisarri (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, UPPA)
  • Irati Bravo (Konstanz-eko Unibertsitatea)
  • Unai Nafarrate (UCLA)
  • Diana Palenzuela (Chicagoko Unibertsitatea)

Eta hauexek dira Hego Amerikako Hamaikakoa osatzen duten lagunak:

  • Rocio Basterra - Viedma (Argentina)
  • Andrea Bella - Montevideo (Uruguay)
  • Beatriz Etchegaray - Viedma eta Patagones (Argentina)
  • Begoña Tisera - San Nicolás (Argentina)
  • Beatriz Poume - Tandil (Argentina)
  • Martin Zabalza - Montevideo (Uruguay)
  • Alfredo Laborde - Tres Arroyos (Argentina)
  • Lautaro Pincheira - Mendoza (Argentina)
  • Alvaro Montes de Oca - Santiago (Txile)
  • Marcial Agostini - La Plata (Argentina)
  • Florencia Deniz - Villa Maria (Argentina)

Finean, talde enbaxadore hauen lana izango da ekimena hedatzea eta euskararen erabilera errazten laguntzea Euskaraldia burutuko den 11 egun horietan. Datozen asteetan Boise (AEB), San Francisco (AEB), Reno (AEB), Buenos Aires (Argentina), Mexiko eta Europako hamaikakoa osatuko dira.


Euskaraldia, 11 egun euskaraz

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da abian Euskaraldia Euskal Herri osoko ehunka udalerritan. Ekimen honen helburua da hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko. Funtsean, Euskaraldiaren xedea da 11 egunez euskara era aktiboagoan erabiltzea ariketa horrek 12. egunetik aurrera eragina izan dezan. Proiektuaren oinarrian azken urteotan hainbat herritan izandako aktibazio esperientzia arrakastatsuak daude.

Izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar da; ahobizi ala belarriprest. Ahobizi izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egingo diete. Era berean, ezezagunei, lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete eta ulertzeko gaitasuna dutenekin euskaraz jarraituko dute.

Belarriprest izatea erabakitzen dutenek, 11 egun horietan euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egitea eskatuko diete, nahiz eta hauek erdaraz erantzun. Belarriprest izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.


Izena ematea zabalik

Azaroaren 23 bitarte, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek izena eman ahal izango dute www.euskaraldia.eus webgunean. Bertan, izen-emate formularioa dago; parte hartzeko  belarriprest eta ahobizi rolen artean erabaki beharko dute.  Horretarako webgunean bertan topatuko dute erabakia hartzen lagungarria izango zaien informazioa.


Prestakuntza

Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika linguistiko berriak indarrean jarriko dituzte ahobizi edota belarriprest gisa parte hartuko dutenek. Helburu horiek lortzeko hiztunei prestakuntza eta ahalduntze tresnak eskainiko zaizkie. Halaber, 11 egun horietan hizkuntza praktika egokiak aurrera eramateko gakoak eta aholku batzuk euskaraldia.eus webean aurki daitezke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu