Atzerrian euskararen irakaskuntza sustatzeko hitzarmena

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-12-03

Gaur sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Aurten Bai fundazioak atzerrian euskararen irakaskuntza bultzatzea helburu duen lankidetza hitzarmena

Gaur sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta Aurten Bai fundazioak atzerrian euskararen irakaskuntza bultzatzea helburu duen lankidetza hitzarmena. Urtero berritzen den hitzarmen honen bidez, online ikastaroak edota barnetegietako egonaldiak bezalako jarduerak antolatu ohi dira atzerrian euskara eta euskal kultura ikasten dutenentzat.

Hitzarmenaren alde banatan dauden bi erakundeen helburua da atzerrian euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntza, ikusgarritasuna eta hedapena sustatzea, horretarako jarduerak antolatuz. Euskararen Eguna baliatuz Zornotzako barnetegian sinatu duten akordio honen bidez, bakoitzaren helburuak egia bihurtu ahal izateko jarduera batzuk jarriko dira martxan.

Jarduera horietako bat da BOGA izeneko online autoikaskuntza ikastaroaren ezarpena. Aurten Bai Fundazioaren bidez,  Zornotzako barnetegiak online ikastaroak eskaintzen ditu BOGA autoikaskuntza sistemaren bidez.  Etxepare Euskal Institutua sistema horretaz baliatuko da, irakurletzak dituen unibertsitateetan 2019-2020 ikasturtean zehar ikasleek BOGA erabili ahal izan dezaten.

Hitzarmenak sustatzen duen beste jarduera bat, Zornotzako Barnetegian atzerriko ikasleen egonaldiak dira. Urtero, Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko hainbat ikasleri aukera ematen dio Zornotzako barnetegian egonaldiak egiteko, bi txandatan banatuta: batzuk neguan (urtarrila eta otsaila) eta beste batzuk udaran (uztaila, abuztua eta iraila). 2020. urtean, Institutua Barnetegira 30 ikasle bidaltzera konprometituko da: bost neguan eta hogeita bost udaran.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuaren eta Aurten Bai Fundazioaren artean “Aurten euskara bai!” lehiaketa antolatuko dute beste behin. Lehiaketa irakurletzetako ikasleei bideratuta egongo da eta hauek egindako idazlanak izango ditu oinarri. Orri bateko luzerako idazlan onena egin duenari Zornotzako barnetegian 2020ko udan euskara ikasteko egonaldia eta bere herrialdetik Euskal Herrirako joan-etorria ordainduko zaizkio. Ikasle hau udako egonaldietara etortzen den hogeita bost ikasleetako bat izango da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu