Atzerriko unibertsitatetan euskara edo euskal kultura irakasle izateko ikastaroa urrian hasiko da

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-08-06

Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak lankidetzan antolatu dute, beste behin, atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa. 2021eko urriaren 1etik azaroaren 27ra burutuko da ostiral eta larunbatetan, Gasteizko UPV/EHUren campusean. Aurtengoan, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk telematikoan.

Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua da euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea, edo Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak prestatzea lan horretarako.

Bi erakundeon artean sinatu den lankidetza-hitzarmenari esker, prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.

Matrikula on-line egin ahal izango da abuztuaren 16tik irailaren 15era (biak barne). Irailaren 20an onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da, finkatutako lehentasunen arabera antolatuta. Onartutakoek irailaren 20tik 23ra arteko epea izango dute matrikulazioa egiteko.

Ikastaroaren programazio osoa kontsultagarri dago sarean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu