‘Basque. Arkitektura eta diseinua’ liburua, euskal kulturari eskainitako bildumatik berreditatu den lehena

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-03-05

Arkitektura eta diseinua lurralde bateko kultura-ondarearen parte gisa hartuko badira, bi diziplina horiek bereizi eta zehaztu behar dira, eta kultura-artxiboaren barruan bakoitzak zer leku duen errepasatu. Horretara dator ‘Basque. Arkitektura eta diseinua’ liburukia, Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditatu den lehena. Lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta, aurten plazaratuko da sorta guztia. Peio Aguirre arte-kritikari, erakusketa independenteetako komisario eta editoreak idatzi du arkitektura eta diseinuari eskainitako hau.

Lau atal ditu liburuxkak, ‘Euskal Herriko arkitektura modernoaren hastapenak’, ‘Arkitektura modernoa Euskal Herrian’, ‘Diseinu industrialaren hastapenak eta aitzindariak’ eta ‘Diseinua gaur egun’ izenburukoak. Horrela, jaso nahi izan du euskararen lurraldean nola uztartu diren tradizioa eta abangoardia, kulturaren leihotik erakutsiz, bertakoaren eta kanpokoaren topalekua.

Arkitekturaren atalean, Mugimendu Modernoaren hastapenetara egiten du atzera Aguirrek. Jose Manuel Aizpurua eta Joaquín Labayen gipuzkoarrek eraikitako Donostiako Klub Nautikoarekin ekiten dio lehen atalari. Estilo arrazionalistako eraikuntza sortu zuten donostiar abangoardiaren erpin izan ziren bi ordezkariok. Mugimendu modernoko beste ordezkari batzuk ere ekartzen ditu gogora Aguirrek, Luis Vallejo, Fernando Arzadun eta Florencio Mokoroa kasu.

Denboran aurrera eginez, gaur egungo arkitekturaren ezaugarri eta berezitasunetan sakontzen du gero idazleak. Proiektu arkitektonikoen autoretza konpartitua eta arkitekto ahalguztidunaren figuraren desagerpena aztertzen ditu, errepasatuz, ondoren, hainbat eraikin gogoangarri, Basque Culinary Center-a, Donostiako portuko arrain-merkatuaren erreforma, Arantzazuko Basilika, Santiago Calatravaren Loiuko aireportua eta Guggenheim-a, adibidez, Euskal Herriko arkitektura bulegoen errepasoa ere eginez.

Diseinuari dagokionez, artisautza tradizionaletik makina-erremintaren industriaraino marraztutako ibilbidea errepasatzen du Aguirrek. Nestor Basterretxea mugarri handienetako bat dela nabarmentzen du. Diseinu-kulturaren garapenari ere eskaintzen dio tartea, aipatuz, besteak beste, Bilboko DZ Diseinu Zentroa, Euskadiko Diseinatzaile Elkartea (EIDE) edota Bilboko Kunsthal diseinu-eskola.

Altzarien diseinuan eta ‘New Basque Style’ izendatu duten moda korrontean ere egiten du geldialdia. Gastronomiari diseinua aplikatzeko garaian gaudela ere jartzen du mahai gainean. 

Bildumaren jatorria

Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu. Orduan plazaratu zen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma. Hizkuntza, literatura, musika klasikoa, euskal kantagintza, dantza, sukaldaritza, ikusizko arteak, tradizioak, eta euskal zinema zituzten ardatz.

Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.

 

Mari Jose Olaziregik sailaren editoreak bere garaian adierazi zuenez, helburu izan zituzten “euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea, jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztuta”.

Liburuxken berrargitalpena 2021ean zehar egingo da, elebidunak izango diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Tradizioak, bertsolaritza, sukaldaritza, euskal kantzagintza, musika klasikoa, antzerkia, arte plastikoak eta ikusizkoak, dantza, literatura eta zinemaren ingurukoak izango dira. Formatu digitalean irakurri daitezke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu