ARCO 2023: Basque. Art. katalogoaren aurkezpena
Euskara. Kultura. Mundura.
-
23Ots 2023Madrid
Otsailaren 23an, ostegunean, Basque.Art. katalogo berriaren aurkezpena egingo da ARCOn. ARCO arte garaikidearen nazioarteko azoka da, eta sortu zenetik, arte garaikidearen merkatuko plataforma nagusietako bat da.
Basque.Art. katalogoa Eusko Jaurlaritzako Arte Plastiko eta Bisualen Sailak babestutako argitalpenen bilduma da.
Katalogoaren aurkezpena Irene Larraza Aizpuruak (Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria) eta Andoni Iturbek (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea) parte hartuko duten mahainguru batean egingo da. Ángel Calvo Ulloa arte komisario eta arte kritikariak moderatuko du elkarrizketa. Mahainguruan, Irene Larrazak, Etxepare Euskal Instituak euskal artearen sustapenerako eta zabalkunderako martxan duen estrategia, ekintza zehatzak eta proiektuak aurkeztuko ditu, hala nola, Institutuak euskal sortzaile eta artistei bideratzen dituen programak eta diru-laguntzak edo Zabal programa, Euskal Herrian nazioarteko komisarioak hartzeko diseinatutako nazioarteko programa.
Basque.Art. euskal artista eta sortzaileen lana sustatu eta zabaltzeko egitasmoa da, Etxepare Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzarekin batera sortutakoa.
Katalogo hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021ean eta 2022an diruz lagundutako argitalpenak biltzearen emaitza da. Argitalpenen modalitatean Arte Plastiko eta Bisualen arloan jarduerak sustatu eta garatzeko dirulaguntzen deialdian diruz lagundutako argitalpenak dira.
Katalogo honen bidez, Euskadiko sorkuntza eta talentu artistikoari balioa eman nahi zaio. Bertan, mosaiko aberats eta askotarikoa erakusten duten praktika eta ibilbide desberdinak elkartzen dira. Azken batean, artean argitaratzen denari buruzko kaleidoskopio garaikide bat, sorkuntza garaikideenak dakarrena. .
Basque. Art.-ek stand bat izango du Artslibris atalean (artistaren eta edizio garaikidearen nazioarteko azoka), non katalogoko obrak eskuragarri egongo diren: ‘La Isla de los Faisanes. Modos de contar la historia’ (Iraitz Agirre eta Iván Gomez, 2021) , ‘ELLAS. Un atlas de memorias.’ (Aingoa Resano, 2021), ‘Arau’ (Salim Malla eta Tania Blanco, 2021), ‘MONUMENTO X ensayo visual’ (Juan Pablo Ordúñez / MawatreS, 2021), ‘Ignora’ (Ignacio Córdoba eta Ainara LeGardon, 2021) eta ‘Neeev (No es exótico, es vital)’ (Begoña Zubero, 2022), besteak beste. Bilboko Consonni argitaletxe eta espazio kulturalak argitaratu du 2021-2022 urteen artean dirulaguntzaz egindako lanak biltzen dituen katalogoa.