Basque Dance: euskal dantza garaikidea Tanzmesse azokan izango da

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-06-11

Internationale Tanzmesse nazioarteko dantza azoka bi urtean behin burutzen da Alemaniako Düsseldorf hirian. Dantza garaikidearen arloko topagunerik garrantzitsuena da, eta bertan, sektoreko profesionalak elkartuko dira abuztuaren 29tik irailaren 1era esperientziak konpartitu, lan-harremanak eraiki eta euren lanak erakusteko. Euskal ordezkaritza ere izango da aurten azokan: Basque Dance stand propioaren bitartez beren lanak erakutsiko dituzte, eta Kukai Dantza Konpainiak inaugurazio ekitaldian hartuko du parte.

Etxepare Euskal Institutua eta ADDEren (Euskal Herriko Dantza Profesionalen Ekartea)elkarlanari esker, Basque Dance postua edo stand-a bisitatu ahal izango da azokan. Bertan ADDEk sortutako euskal konpainien katalogoa eskuratu ahal izango dute mundu osoko profesionalek. Era berean, hainbat euskal konpainia bertan izango dira euren lanak erakusten eta lan-harremanak sortzen zein sendotzen. Orotara, sei konpainia izango dira stand-ean: Dantzaz Konpainia, La Glo Zirko Dantza, Organik, Lokke, Igor and Moreno eta Kukai Dantza Konpainia. ADDE eta Etxepare Institutuko ordezkariak ere izango dira bertan konpainien lana babesten.

Gainera, aurten euskal dantzak erakusleiho berezia ere izango du, izan ere, Kukai Dantza Taldeak “Oskara” ikuskizuna aurkeztuko du programazioaren baitan antolatutako irekiera ekitaldian. Abuztuaren 29an izango da.

Ez da, ordea, programazioaren baitan dagoen euskal ordezkaritza bakarra. Programazio ofizialak bereizten dituen atalen baitan, ‘Open Studios’ delakoa aurkitzen da, non konpainiek oraindik sortze prozesuan dauden proiektuak erakusten dituzten. Horien artean, Jone San Matin eta Mikel R. Nietok Emanuele Soavi koreografoarekin martxan duten lana aurkeztuko dute.  

Tanzmesse jaialdi eta azoka modura lan egiten duen plataforma da, dantza garaikidearen arloan Europako handiena. Bertan profesionalek komunikaziorako eta elkarlanerako espazioa elkarbanatzen dute. Konpainiek eta dantzariek zuzenean aurkezten dituzte ikuskizunak, era koreografo, agente eta bestelako profesionalak stand ezberdinez osatutako azokan elkartzen dira. Tanzmessek bestelako ekintzak ere programatzen ditu, hala nola aurkezpenak, hitzaldiak tailerrak edota bilerak.

Testuinguru horretan, euskal konpainientzat aukera paregabea da Tanzmessen egon ahal izatea, beren lanak ezagutzera eman ahal izateko eta nazioarteko zirkuitoetara zabaldu ahal izateko. Etxepare Institutuak euskal sortzaileek horrelako foro garrantzitsuetan parte har dezaten lana egiten du, euskal dantza munduratzeko zereginean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu