Basque Music Vic-eko Mercat de la Música Viva jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-09-13

Basque Musicek, euskal musika Euskal Herritik kanpora zabaltzeko helburua duen plataformak, Euskal Herria Sona jaialdia aurkeztuko du datorren irailaren 15ean Viceko Mercat de Música Viva ekitaldian. Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko jaialdi horrek hogeigarren edizioa ospatuko du 2017an.

Basque Musicek, euskal musika Euskal Herritik kanpora zabaltzeko helburua duen plataformak, Euskal Herria Sona jaialdia aurkeztuko du datorren irailaren 15ean Viceko Mercat de Música Viva ekitaldian. Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturiko jaialdi horrek hogeigarren edizioa ospatuko du 2017an.

Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak erakundeak (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailekoak) bultzatzen duten Basque Music ekimenak hitzarmenak egin ditu hainbat azoka eta jaialdirekin, aurten ere Euskal Herriko musika sar dezaten euren programazioetan. Hain zuzen ere, hitzarmen horietako baten ondorioz dator Viceko parte-hartzea.

Aurten 29. edizioa betetzen duen Mercat de Música Viva elkargune profesionala da, eta estatuko nahiz nazioarteko musika-industriako sektore guztiak biltzen ditu. Hori dela eta, iaz egin zen bezala, aurten ere gune hori aukeratu du Basque Music plataformak Euskal Herria Sona jaialdia ofizialki aurkezteko, Bartzelonako Euskal Etxeko ordezkariekin batera. Jaialdia udazken honetan izango da Bartzelonan, eta hainbat kantari bilduko ditu: Amorante, Lu Rois, Eneritz Furyak, Joan Colomo, Niña Coyote eta Chico Tornado, Joseba Irazoki, Hans Laguna, Mice eta Namina, besteak beste.

Prentsaurrekoaren ondoren, arloko profesionalek bertatik bertara ezagutuko dute Iparraldeko Ekiza kantariaren lana, Basque Musicek bultzatutako showcaseko protagonista izango baita. Willis Drummond rock-taldeko ahotsa eta gitarra den Jurgi Ekizaren bakarkako lehenengo lana da. Zuzeneko horretan bH036-LP bere lehen albuma (Bidehuts, 2016) defenditzeko, Ekizak bakarkako formatu intimoa aukeratu du, loop station baten bidez ahotsak eta gitarrak biderkatuz. Beraren abestiekin eta Willis Drummond taldearen bertsio akustikoekin batera, erreferentziatzat hartzen dituen abeslari eta taldeen bertsioak ere tartekatzen ditu Ekizak: Mikel Laboarenak, Negu Gorriak taldearenak edo Neil Youngenak, besteak beste.

Ekiza ez da izango euskal musikaren enbaxadore bakarra Vicen. Izan ere, azken urteotan Euskal Herriko musika-agertokiak presentzia handia izan du Mercat de Música Viva ekitaldian. Gaur hasi den edizioan, Izaro eta Amorante izango dira, biak ere hilaren 15ean, ostiralez. Izaro Karpa Beltzeko oholtzan izango da 18:45ean; Amorante, berriz, 19:30ean agertuko da Karpa Gorrian.

Izaro euskal musikaren errebelaziotzat jotzen dute. 2014an ekin zion musika-bideari, eta Youtuben agertutako Paradise abestiaren bideo batek 23.000 bisita baino gehiago izan ondoren, abesti horixe aukeratu zuten Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Pikadero filmaren soinu-bandatzat. Om izeneko lehenengo diskoan, lau urtaroetako aldartetik aldartera jauzika doazen 13 abesti dakarzkigu.

2016an Viceko Mercaten bertan Basque Musicen showcasea eskaini zuen Amorante, berriz, Iban Urizarren proiektua da. Musika-munduan emandako 20 urteetako ibilbideari esker, proiektu askotan parte hartzeko aukera izan du, hala nola Bizarra eta Mengele Quartet taldeetan. Pop-rock estiloan, Joseba Irazokiren eta Rafa Ruedaren taldeetan aritu da, eta folk estiloan, berriz, Joseba Tapiarekin. Gaur egungo bakarkako ibilian, esperimentazioarekin eta inprobisazioarekin lotzen du herri musika tradizionala.

Viceko Mercat de Música Vivaren ondoren, Monkey Week-en (Sevillan, urriaren 9tik 14ra); Womex-en (Poloniako Katowicen, urriaren 25etik 29ra), eta BIMEn (Bilbon, urriaren 25etik 27ra) ere egongo da Basque Music.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.