Basque-Scottish Traditional Dance, dantza tradizionalak joan-etorrian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-03-28

Abuztuan, Edinburgoko Fringe jaialdi entzutetsuaren beste edizio bat egingo da, baina aurten bada berritasun bat: Basque-Scottish Traditional dantza ikuskizuna estreinatuko da, euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartuko dituen kaleko dantza ekimena. Scotland Goes Basque programaren baitan antolatu da.

Abuztuan, Edinburgoko Fringe jaialdi entzutetsuaren beste edizio bat egingo da, baina aurten bada berritasun bat: Basque-Scottish Traditional dantza ikuskizuna estreinatuko da, euskal eta eskoziar dantza tradizionalak uztartuko dituen kaleko dantza ekimena. Scotland Goes Basque programaren baitan antolatu da.

Albiste ezin hobea da hori, Edinburgh Festival Fringe baita munduko zuzeneko ikuskizunen jaialdi garrantzitsuena; izan ere, horrela definitzen du bere burua jaialdiak: “sormen-askatasunerako munduko plataforma handiena”. 1947. urtean sortu zenetik, arauei desafio egitea du erronka nagusia; urte hartan zortzi antzerki konpainiak euren lana kalean aurkeztu zuten Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiaren irekierarekin batera, baina programazio ofizialetik kanpo; hortik datorkio, hain zuzen, Fringe izena (ingelesez, ertza, bazterra). Ordutik gaurdaino, etengabe garatu da kultur eta arteen inguruko munduko ekitaldi handiena bihurtu arte. Urtero, abuztuko hiru astetan zehar, Eskoziako hiriburua askotariko arte adierazpenen bidezko ikuskizunen bilgune bihurtzen da: iaz, 317 antzeztokietan 3548 ikuskizun izan ziren, guztira berrogeita hamar milatik gora emanaldi. Antzerkia, dantza, zirkoa, kabareta, haur eta familientzako ikuskizunak, musikalak, opera, poesia mintzatua, erakusketak,... Fringe jaialdiaren aniztasunak ez du mugarik, eta nazioarte mailako izen handienak euren ibilbidearen hastapenetan dauden artistekin nahasten dira bertan.

Aurtengoan, euskal dantza tradizionalaz gain, euskal sorkuntza eszeniko garaikideak ere izango du bere tokia jaialdi horretan: Maria Martinen eta Judith Ruizen Krego Martin konpainia, HQPC Kolektiboa eta Akira Yoshida “Dance Base - National Centre for Dance” zentroko agertokian izango dira, eta Tio Teronen Semeak, berriz, Edinburgoko kaleetan barrena arituko dira.   

Basque-Scottish Traditional Dance ikuskizunaren ibilbidea joan etorrikoa da: horren funtsa Euskal Herritik abiatuko da nolabait, euskal dantza talde bat izango baita hemendik Eskoziara abiatu eta bertako konpainia batekin lan egingo duena. Ondoren, lan prozesu horren emaitza Edinburgon eszenaratuko da estreinakoz. Estreinaldiaren ostean, ikuskizuna Euskal Herrira itzuliko da hezur-mamituta. Kostaldetik kostalderako bidaia izango da, irailean Errenteriako Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko baita. Proiektu honetan koreografo lanak egingo dituena hautatzeko deialdi bat irekiko da.

Scotland Goes Basque ekimenak Euskal Herriko eta Eskoziako eragileen artean ahalbidetu dituen harremanen baitan, itsasoa lokailu hartuta kulturen hartu-emana bultzatzea xede duen Atlantikaldiak Scottish Traditions of Dance Trust (STDT) erakundearekin elkarlanean dihardu proiektu hau gauzatu ahal izateko. Eskoziar dantza tradizio oro bultzatzea, ikertzea, gordetzea eta sustatzea da 1995an sortutako erakunde horren helburua; ordutik dantzariek euren lana aurkezteko, ikusleek lan hortaz gozatzeko eta adin guztietako pertsonak dantza tradizionalera gerturatzeko egiten du lan, emanaldiak, tailerrak, eskolak eta abar antolatuz. 

Basque-Scottish Traditional Dance ekimenak bikain islatzen du Scotland Goes Basque proiektuaren asmoa: euskara eta euskal kultura Eskoziara eraman ez ezik, iragana eta gaurkotasuna aintzat hartuta bi kulturen arteko uztarketa bultzatu nahi da, horretarako elkarri aberasgarri gerta dakizkieken ekimenak bideratu eta bi herrialdeetako kultur-eragile zein sortzaileen arteko harremanak sustatuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu