Basque Week: Beatriz Chivite, Amama eta Eneko Aizpurua

Euskara. Kultura. Mundura.

  • 22
    Aza 2021
    25
    Aza 2021
    Cork

Etxepare Euskal Institutuak eta University of Cork-ek ‘Basque Week’ delakoa antolatu dute datorren astelehenetik ostiralera, hau da, 22tik 25era. Lehen jarduera izango da euskararen inguruko tailerra, ‘Basque language taster’. Mota horretako tailerrek hizkuntza bat ezagutarazten dute, irakatsiz oinarrizko hiztegia eta gramatika, baita horren inguruko kultura-kontuak ere, hala nola historia eta arteak. 15:00etik 16:00etara egingo da O´Rahilly Building 2.01-ean.

Asteartean, hilak 23, ‘Bidasoan Gora: freedom trails and escape routes across the Bidasoa river’ hizketaldia egingo du Eneko Aizpurua Urteaga idazle eta itzultzaileak 16:00etatik 17:00etara. Online jarraitu ahalko da.

‘Bidasoan gora’ liburuaren helburua da Bidasoa ibaiari eta inguruko muga-lurraldeei atxikitako pertsona eta lekuen oroitzapen anitzak berreskuratzea, oinez, ibaiaren ahotik iturbururainoko bidaia eginez. Bere hitzaldian, Aizpuruak iheslari eta erakunde ezberdinek erabiltzen dituzten askatasun-bide eta ihes-bideei buruz hitz egiten du, hala nola, Comète Sareko euskal kontrabandistek gidatutako pilotu aliatuek, Bordeleko kontsul portugaldarrak lagundutako judu erbesteratuek, Aristides de Sousa Mendes Munduan. Bigarren Gerra eta paperik gabeko portugaldar migratzaileak iragan mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan.

Asteazkenean beste ‘Basque language taster’ tailer bat egingo dute 9:00etan. Hau ere O´Rahilly Building 2.44-en. ‘Amama’ filma ere izango da ikusgai 18:30ean Brookfield Health Science Complex 101-en.

Azkenik, Beatriz Chivite idazle nafarrak irakurraldia egingo du University of Cork-ek antolatutako ‘Basque Week’-aren baitan. Siobhán Ní Dhomhnaill-ekin ariko da solasean azaroaren 25ean, osteguna, bertako 18:00etan. Teams bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia hurrengo esteka erabilita.

Ez da, baina, Chivitek datozen egunotan egingo duen irakurraldi bakarra izango. Lehenago, azaroaren 22an, University of Warsaw-en, Polonian, egingo ditu irakurketa eta hitzaldia, 11:30ean. Asteazkenean, azaroak 24, ‘Three poets by candlelight’ delakoan parte hartuko du Victoria Field eta Leo Boixekin. Canterbury hiriko (Ingalaterra) Waterstones liburu-dendan izango da, 18:30ean.

Aurrerago, hilaren 30ean, asteartea, Manchester (Britainia Handia) hiriko Instituto Cervantes-en egoitzak antolatutako topaketa poetikoan parte hartuko, online. Gorka Mercerorekin egingo du solasaldi hau. 19:00etan hasiko da , eta Chiviteren poesia izango dute hizpide. Hau ere ingelesez izango da.

 

Chivitek honako liburuak argitaratu ditu: ‘Pekineko kea’ (Pamiela, 2017); ‘Metro’ (Arabako Foru Aldundia, 2014, ingelesera ‘The Blue Line’ izenarekin itzulia); ‘Biennale’ (Erein, 2017); ‘Mugi / atu’ (Pamiela, 2019) eta ‘Hirietan / En las Ciudades / Nas Cidades’ (Papeles Mínimos, 2020). Euskal Herrian eta Espainian sari ugari jaso ditu eta bere poesia gaztelaniara, ingelesera, galizierara, eslovenierara, frisierara, gaelikora eta italierara itzuli da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu