Berlingo Bienala: Azucena Vieites

Euskara. Kultura. Mundura.

Berlingo Bienala: Azucena Vieites
  • 05
    Ira 2020
    01
    Aza 2020
    Berlin

Irailaren 5ean da hastekoa Berlingo Bienalaren 11. edizioa, nazioarteko pandemiak atzeratzera behartu ostean; eta azaroaren 1era bitarte luzatuko da. Bertan egongo da, besteak beste, Azucena Vieites artista hernaniarra bere obra aurkezten.

Vieitesek bere aurreko proiektuen berrirakurketa bat eramango du Berlinera egunotan; besteak beste, Coloring Book izeneko lan entzutetsua. Lan hau Vieitesek duen haurtzaroak munduari begiratzeko moduarekiko interesak eragindakoa da, baita estetika azpikulturalaren eta horren erreprodukzioaren lanketa bat ere. Euskal artistaren obra marrazki, serigrafia eta fanzine moduan erakutsiko da erakusketa espazioko beira-arasetan.

Marrazkiaren eta collagearen etengabeko birlanketa bisuala erabiliz, Azucena Vieitesen lanak narrazio eta ezagutza produkzio forma ez-linealen adierazpen-ahalmena aztertzen du. Bere lanak hainbat gairi buruzko gogoeta kritikoa egiten du, hala nola sorkuntza estetikoa beti testuinguru sozial eta ekonomiko jakin bati lotutako prozesu-zeregin gisa hartzea, edo egungo kultur irudikapen askotan irauten duen logika binarioa apurtzen lagunduko duten diskurtso-estrategiak sortzeko beharra. Praktika artistiko horretan, Vieitesek aktibismo feministarekin eta queer-arekin lotura estua izan du. Bere lanak Madrilgo Reina Sofia museoan erakustera iritsi dira.

Berlingo Arte Garaikidearen Bienala (BB gisa laburtua) Alemaniako Kultur Fundazio Federalak (Kulturstiftung des Bundes) antolatzen du bere laugarren ediziotik. 11. ediziorako, Hego Amerikako lau komisarioz osatutako lantaldea bildu du antolakuntzak. Eurek sortutako egitarauak urtebete iraun behar zuen, 2019ko irailetik hasita eta hainbat fase edo garaitan banatuta; baina COVID-19aren eraginez hainbat hilabetez geldirik egon da bienala. Egoera baretu dela dirudien honetan, irailaren 5etik azaroaren 1erakoa izango da edizio honen azken fasea, “Epilogo” izendatu dutena.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu