Bultzada berria Saison Québec - Pays Basque kultura-trukeari

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-05-31

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Myriam Larroulet  Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Quebeceko Kultura eta Komunikazio ministroarekin eta Montarvilleko Parlamentuko kide den Nathalie Royrekin bildu dira, bide telematikoz, gaur arratsaldean. Isabelle Dessureault Quebeceko Bulegoko zuzendaria izan da ministroarekin batera.

Zupiriak nabarmendu duenez, gaurko topaketak Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak Quebeceko kultura-administrazioarekin dituzten harremanak “suspertzeko balio izan du”, alde biko harremanei eta kultura-trukerako topaketaren antolakuntzari “bultzada berria eman diezaiogun”. Sailburuak gogorarazi du pandemiaren ondorioz programa hori 2021-2022ra “ezinbestean atzeratu” behar izan dela, baina “oso garrantzitsua” dela euskal eta Quebeceko sortzaileen arteko “kultura-trukea gauzatzeko".

Hala, 2021 honetako bigarren seihilekoan eta 2022an zehar, Season Québec – Pays Basque joan-etorriko egitasmoaren bitartez, euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekiko zaio, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakutsiko da, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea helburu, hala nola literaturan, dantzan, antzerkian, ikus-entzunezko ekoizpenean, musikan eta arte plastikoetan, bi komunitateetako erakunde, eragile eta artisten parte-hartzearekin.

30etik gora eragile

Bi herrialderen arteko kultur eragileen eta sortzaileen arteko lankidetza sustatzea helburu, 30etik gora dira hitzordu ezberdinetan elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak. Horien artean daude EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak edo Bitamine Faktoria, euskaldunen artean.

Hala, datozen hilabeteotan `Saison Québec - Pays Basque´ leihoaren bitartez martxan jarriko diren proiektuen artean honako hauek daude: Itzultzaile Berriak – Nouveaux Traducteurs, Université LAVAL / Mintegia: ´La voix des autres - Besteen ahotsa´, Ecole de Danse Montreal / Dantza Sorkuntza Egonaldia eta beste asko. Batzuk, osasun egoerak horretarako aukera eskaintzen badu, presentzialak izango dira. Beste batzuk aldiz, online egingo dira.

Era berean, aurten Season Québec - Pays Basque zinema-zikloa egin da Tabakalerako Kulturgunean, eta martxoan bertan izan zen Isabelle Dessureault Quebeceko Bartzelonako bulegoko zuzendaria.

 

Kultura-lankidetza nazioartean

Etxepare Euskal Institutuak 2019an ekin zion Euskadi Basque Country estrategian jasotzen diren lehentasunezko lurraldeekin kultur lankidetzarako marko bart sortu eta kultur programa bat garatzeari. Horren lehen emaitza izan zen Scotland Goes Basque ekimena: 2019 urtean zehar Euskara eta Euskal kultura Eskozian zabaltzeko asmoz antolatu zen kultur programa.

2020rako jomuga Quebecen jarri zen, 2017an Eusko Jaurlaritzak eta Quebeceko gobernuak sinatutako Protocole d’entente MOUari jarraiki. Izan ere, Quebec, Eskozia bezala, Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusiak estrategikotzat duen lurraldeen artean dago. Horren harira,  sailburuak oroitarazi du Quebecen eta Euskadiren arteko harreman instituzional eta kulturalek “tradizio finkatua” dutela, eta hori aipatutako protokoloan islatu zela. “Protokolo hori bi administrazioek sinatu genuen, UNESCO Konbentzioak sustatzen duen kultura-adierazpenen aniztasuna sustatzeko, gure hizkuntza-politiketarako interes komuneko gaietan jardunbide egokiak trukatzeko eta gai ekonomikoetan elkarri laguntzeko, nazioarteko partzuergoekin harremanetan eta ezagutzekin lotutako gaietan", amaitu du Zupiriak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu