consonni argitaletxe eta espazio kultural independiente bilbotarra, documenta 15 nazioarteko erakusketan

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-06-15

consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak Kassel-en (Alemania) aurkeztu den nazioarteko documenta 15 erakusketa entzutetsuetan parte hartuko du Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen ZABAL programari esker. Erakusketako gidaren editore artistikoa da consonni eta editatu du, baita ere, liburu moduan aurkeztuko duten proiektu artistikoa: ‘Lumbung stories’. Denera, 100 egun iraungo ditu erakusketak, eta ekainaren 18an hasiko da.

Bost urtean behin egiten da Alemaniako Kassel hirian nazioarteko documenta erakusketa. Ekimenaren 15. edizio honetako komisarioek, Indonesiako ruangrupa kolektiboko kideek, 2020ko otsailean izan zuten euskal testuingurua ezagutzeko aukera, eta Bilboko Arte Ederren Museoan documenta 15 proiektua bera aurkezteaz gain, Bilboko San Frantzisko auzoko Cortes kaleko espazio editorial eta kulturala bisitatu eta lankidetzarako lehen mugarriak ezarri zituzten consonnirekin.

Orain, consonnik ruangruparen kontzeptu kuratorialak testu-formatura eramango ditu, azokaren katalogoak osatuz. Dokumentuaren editore artistikoak izateaz gain, berorren ekoizpena ere koordinatu dute Hatje Cantz argitaletxearekin elkarlanean. Bestalde, ‘Lumbung stories’ liburu eleanitzaren proiektuan ere parte hartu dute.

Horrela, consonnik documentan parte hartuko du bere ohiko lan-moduarekin, hau da, artearen eta literaturaren arteko elkargunetik. Maria Mur Dean zuzendariaren ustez, oso berezia izan da, hala ere, azken urteko lana. “Sortu dugun liburua amets hutsa da guretzat. Hainbeste herrialdetako idazleekin lan egitea, proiektu eleanitza sortzea, kolektiboa eta nazioartekoa izango dena, oso berezia da”.

Liburuak artearen munduan argitaratzeko moduak birpentsatu nahi ditu, eta horrela, edukietan eragina izateaz gain, ekoizpen eta banaketa argitaratzeko formen inguruko hausnarketa ere egin.

Zentzu horretan, Mur-en aburuz, “garaiko tendentziak adierazten ditu azokak”, eta proposamen honen bidez, documentaren edizio hau zeharkatzen duen lan kolektiboaren ideia aplikatuko dute, gai zein lan egiteko modu gisa.

Proiektu honek nazioarteko idazleak bildu ditu, eta elkarrekin lan egiten duten nazioarteko argitaletxe independenteen sarea sortu. Gainera, fikzio literarioa erabiliko da erakusketan lantzen diren kontzeptuak transmititzeko tresna moduan.

Proiektu horren emaitza antologia bat da. Aldi berean 8 argitaletxetan plazaratuko den liburua, 7 hizkuntzatan: arabieraz, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez, alemanieraz, bahasa indonesieraz eta euskaraz. Euskarazko edizioa Txalapartak landu du, gaztelaniazko bertsioa, consonnik berak. Jasotako kontakizunen artean Uxue Alberdirena dago.

Horiez gain, beste jarduera profesional eta hainbat mahai ingurutan ere parte hartuko dute uztailean Maria Macia, Dina Camorino, Marta Alonso, Munts Brunet eta Maria Mur Dean-ek berak. Hilaren 6tik 10era, lumbung argitaletxeen batzarrean hartuko dute parte; uztailaren 9an, consonni eta Marjin Kiri Indonesiako argitaletxearen arteko solasaldi publikoa egingo dute; uztailean 10ean, halaber, irakurketa performatiboa egingo du Idoia Zabaletak, proiektuari ahotsa emateaz gain, liburua gorpuztuz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu