consonni argitaletxe eta espazio kultural independientea, documenta 15en parte hartzeko hautatua

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-10-14

documenta nazioarteko erakusketa ospetsua 2022ko ekainean egingo da Kassel-en, Alemanian, eta bertako komisarioek 2020ko otsailean euskal testuingurua ezagutzeko bidaian hasitako lanen ondorioz, Bilboko consonni argitaletxe eta espazio kulturalak parte hartuko du erakusketan. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen ZABAL programari esker burutu ahalko da partaidetza hori. Sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea helburu du egitasmoak. Programa 2019an abian jarri zenetik, arte garaikideko zenbait profesional izan dira Euskal Herrira bisitatzera gonbidatuak bertako artistekin harreman zuzena izan eta lankidetza posibleak aztertzeko.

Ekimena aurrera eramateko, Institutua lankidetzan aritu da Artingenium-ekin, Lourdes Fernández buru duen arte bulegoa. Tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten dute.

Ruangrupako kideek gure herrialdera egindako bisitan, euskal testuinguruko 15 agenterekin elkartzea lortu zuten. Horrez gain, documenta 15 proiektua bera aurkeztu zuten Bilboko Arte Ederren Museoan.

ruangruparekin elkartrukea burututako agenteetako bat izan zen consonni; kolektiboak Bilboko San Frantzisko auzoko Cortes kalean bisitatu ahal izan zuen espazio editorial eta kulturala. Han hasi ziren talde honekin lankidetzarako elkarrizketak.

consonni argitaletxe eta kultur espazio independentea sektoreko beteranoa da: 2021 honetako abenduan 25 urte beteko dituzte. 1996. urteaz geroztik kultura kritikoa ekoizten dute eta egun, idatzizko hitzarekin eta beste formatu askorekin egiten dute lan. Artearen, literaturaren, irratiaren eta hezkuntzaren esparru zabaletik liburuak eta podcastak editatzen eta jarduera kultural anitzak ekoizten dituzte kultur eragile askorekin elkarlanean.

consonnik documentan parte hartzea

Bilboko argitaletxea nazioarteko erakusketako gidaren editore artistikoa izango da, eta editatuko du, baita ere, literatura liburu moduan aurkeztu duten proiektu artistikoa. Liburuak artearen munduan argitaratzeko moduak birpentsatu nahi ditu, eta horrela, edukietan eragina izateaz gain, ekoizpen eta banaketa argitaratzeko formen inguruko hausnarketa ere egin.

Proposamen honen bidez, documentaren edizio hau zeharkatzen duen lan kolektiboaren ideia aplikatuko dute, gai zein lan egiteko modu gisa. Proiektu honek nazioarteko idazleak erakarri nahi ditu, eta elkarrekin lan egiten duten nazioarteko argitaletxe independenteen sarea sortu. Gainera, fikzio literarioa erabiliko da erakusketan lantzen diren kontzeptuak transmititzeko tresna bezala. Horrela, consonnik bere ohiko lan egiteko moduarekin parte hartuko du proiektuan, artearen eta literaturaren arteko elkargune hori documentara eramanda.

Hurrengo bisita: Shanghaiko Bienala

Pasa den abuztuan berraktibatu zen ekimena pandemiaren ondoriozko etenaren ostean, eta nazioarteko beste bienal eta arte zentro batzuetako gonbidatuak izango ditu.

Marina Otero Verzier Shanghaiko 13. Bienaleko komisariotza taldeko kidea hartuko du azaroaren 15etik 17ra programak, 2019an Ruth Estévez São Pauloko Bienaleko komisarioa eta 2020an ruangrupa kolektiboa igaro ondoren bertatik.

Lau egunez, Otero Verzierrek artista eta sorkuntza zentro anitz ezagutzeko aukera izango du, eta azaroaren 16an hitzaldia eskainiko du Artiumen, joan den martxoan amaitu zen Shanghaiko Bienalaren ingurukoa.

documenta eta ruangrupari buruz

Bost urtean behin egiten da Alemaniako Kassel hirian Nazioarteko documenta erakusketa. Arnold Bode artista, irakasle eta komisarioak sortu zuen 1955ean, Bigarren Mundu Gerra eta nazismoaren garai ilunak atzean utzi eta Alemania nazioarteko arte modernoaren abangoardiara eramateko asmoarekin. documentaren azken edizioetan nazioarteko artisten lanak jaso dira, mundu osoan ospe handia izanik. Edizio bakoitzak 100 eguneko iraupena du. Horregatik, ‘100 eguneko museoa’ ere esaten zaio.

2022an egingo den documenta 15 erakusketa zuzentzeko Jakartako (Indonesia) ruangrupa kolektiboa hautatu dute, hamar artistek osatzen dutena. 2000. urtean sortutako talde honek artea hiri eta kultura testuinguru batean kokatzea du helburu eta, horretarako, artea gizarte zientziekin, politikarekin edo teknologiarekin nahasten duten proiektuak garatzen dituzte, Indonesiako gatazka garaikideei buruz hausnarketa kritikoa egiteko asmoarekin. Hogei urte hauetan, ruangrupak nazioarteko hainbat ekitalditan parte hartu du, hala nola Gwangju, Istanbul, Singapur edo São Pauloko bienaletan, Pariseko Pompidou zentroan edo Sonsbeek arte erakusketan (Arnhem, Herbehereak).

Erakusketaren 15. ediziorako, lan kolektiboaren ideian jarri dute arreta, eta ‘Lumbung’ deitu duten kontzeptua garatu dute. ‘Lumbung’ arroza biltzeko eta biltegiratzeko sistema kolektibo baten izena da, Indonesiako komunitateetan erabiltzen dena, etorkizunean arroz ale horiek baliabide partekatu gisa baliatzeko. Haien hitzetan, "diziplina anitzeko arte eta kultura plataforma bat sortu nahi dugu, orientazio global eta kooperatiboa duena, jarraipena izango duena documenta 15ek irauten duen 100 egunetatik haratago".

documenta sortzeko arrazoiekin bat eginez, edizio hau batez ere kolonialismoan, kapitalismoan edo egitura patriarkaletan sustraiak dituzten egungo zaurietan oinarrituko da, eta ikusleak aurrez aurre jarriko ditu ikuspegi berritzaileak ahalbidetuko dituen lankidetza ereduekin.

Horretarako, ruangrupa komisarioekin, teknologoekin, ekonomialariekin eta munduko hainbat tokitako proiektu eta taldeekin ariko da elkarlanean. Espero dute kolaboratzaile horien testuinguruetan txertatzea ikuspegi berri horiek, eta gero Kasselen erakustea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu