Deialdia: Flandriara lan-bisita kulturala

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-07

Etxepare Euskal Institutua / Flanders Arts Institute / Flandriako Kantzelaritza eta Atzerri Ministerioa

Etxepare Euskal Institutuak, Flandriako Kantzileritza eta Arte Institutuarekin elkarlanean,  2021eko azaroan Flandriako arte-profesionalentzat Euskal Herrira bira bat antolatu zuen, gure ekosistema kulturala ezagutu eta bi herrialdeen arteko elkarlan kulturalerako sareak eta proiektuak sortzeko helburuz.

Oraingoan, Euskal kultur eragile eta profesionalak Flandriara joateko bisita antolatzen ari gara, hango ekosistema kulturala, erakundeak, eragileak, eta sortzaileak ezagutzeko helburuz. Bi norabideko bidaia hauen helburua da 2022ko udazkenean eta 2023 osoan zehar FLANDERS – BASQUE COUNTRY lankidetza kulturala garatzea, euskal eragile kultural eta sortzaileek hangoekin elkarlanean proiektuak sortu eta euskal sortzaileek Flandriako ekitaldi eta jaialdietan parte hartu dezaten sustatuz.

Parte hartzen duten euskal arte-profesionalek Flandrian diharduten erakunde eta arte-profesionalak (bere praktika eta interesen arabera) ezagutuko dituzte.

15 euskal kultur profesionalek parte hartu dezakete bisitan. Hauen interesen arabera, topaketak Flandriako profesionalekin zein eragile kulturalekin antolatuko ditugu.

Norentzat da deialdia?

▪︎ Kultur arloko profesionalak (sortzaileak, programatzaileak/komisarioak, eragile kulturalak) eta Flandriako ekosistema kulturalari buruzko oinarrizko ezagutzak edo interesa duten arte-erakundeak bilatzen ditugu, elkarlanean aritzeko interesa dutenak eta lankidetza proiektu bat aurrera eramateko gaitasuna dutenak.

▪︎ Deialdia pertsona fisiko zein eragile/erakundeentzat dago zabalik.

▪︎ Eskatzaileek arte plastiko eta ikusizkoetan, musikan, arte eszenikoetan, ikus-entzunezkoetan, literaturan edo diziplina anitzeko arteen praktiketan aritu behar dute.

▪︎ Hautagaiek biografia (erakundeek) edo CV (norbanakoek) aurkeztu behar dute, azalduaz zergatik parte hartu nahi duten ekimen honetan eta Flandrian ezagutu nahiko lituzketen pertsona eta/edo eragile eta tokiak, eta proiektu honetan zergatik parte hartzeko duten motibazioa.

▪︎ Hautagaiek eskuragarri egon beharko dute bisitaren 3 eguneko epe osoan, eta bi egun bidaiatzeko.

Alderdi praktikoak

▪︎ Datak: maiatzak 31 joaneko bidaia, ekainak 1-2-3 lan-bisita kulturala, eta ekainak 4 bueltako bidaia.

▪︎ Lan-bisita ingelesez egingo da. Halere, beharko balira, itzultzaileak erakundeak jarriko ditu.

▪︎ Flandeseko Kantzileriak eta Arte Institutuak hartuko ditu bere gain egonaldiaren gastuak (4 gau), otorduak eta egitaraua barne.

▪︎ Artistei, profesionalei zein erakundeetako ordezkariei, Etxepare Institutuak ordainduko die joan-etorriko bidaia-gastua.

Nola aurkeztu eskaera?

Lan-bisita honetan parte hartu nahi duten hautagaiei beheko eskaera orria bete eta beranduenez 2022ko martxoaren 31n, ostirala, 23:59 baino lehen, bidaltzea eskatzen zaie.

Aplikatu formulario honen bidezhttps://forms.gle/VykDjzfLQDf6nTgS9

Euskal delegazioa erabakitzeko Epaimahaia 4 kidek osatuko dute: Etxepare Euskal Institutuak izendatutako bi kide eta Flandriako Kantzelaritza eta Kanpo Ministerioak izendatutako bi kide.

Zer dator gero?

2022ko udan Flandriako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak lankidetza-proiektu zehatzak laguntzeko deialdi bat egingo dute. Deialdi honek joan-etorriko elkarlan proiektuak laguntzeko helburua du, sortzaile trukaketak, sorkuntza proiektuen trukeak, zein erakusleihoak izan daitezkeenak.

Lan-bisita kultural hauek eta proiektu deialdia Flandriako eta Euskal Herriko Gobernuek 2021eko azaroan sinatu zuten Memorandum-aren parte dira, eta horrek kultura-trukea ere jasotzen du.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Etxepare Institutuarekin (a-aginagaldelopez@etxepare.eus) edo Flandriako Arte Institutuarekin (sarah.rombouts@kunsten.be).

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu